Botak ederki jantzita joan da Jorge Mario Bergoglio, Frantzisko aita santua. Hil baino zenbait ordu lehenago indarra gelditzen zitzaion bere bizi apurraren minutu batzuk Estatu Batuetako lehendakariorde J.D. Vancerekin xahutzeko. Topaketa “diplomazia vatikanoarraren” ildotik joan zen, adierazpen ofizialen arabera. Batek daki. Bistan da Frantziskori elkarrizketak ez ziola on handirik egin. Nik, segurtasun kamerak berrikusiko nituzke, badaezpada ere. Trumpen bigarrena ez zitekeen arrunt kontent egon Vatikanoko buruarekin. Eskubide sozialen murrizketak, immigrazioa, Gaza… azken hilabeteetan, munduan itzal apur bat dutenen artean inor guti mintzatu da Bergoglio bezain ozen gobernu estatubatuar berriaren politiken kontra. Vance ere katolikoa da –katoliko berria, duela 6 urte egin zen Erromako Elizako kide-, baina garbi dago bere mundu ikuskerak deus ikustekorik ez zuela argentinarrarenarekin. Planetako eskuin muturrak gaizki bizi zan du Frantziskoren agintaldia. Elizaren burutzan antikristoa zebilela uste zutenen artekotzat joko nuke nik Vance ere, Iruñean berean ezagutzen ditudan bertze katoliko zenbaiten gisan. Ez naiz bat heldu Bergogliok erran eta egin dituen guztiekin. Nik aspaldi utzitako bertze mundu batekoak izan dira bertze batzuk. Bertze kontu aunitzetan, ordea, nola harekin bat ez etorri? Halabeharrez, Javier Cercas ateo eta antiklerikalaren azken liburua mesanotxean dudala harrapatu nau aita santuaren heriotzaren albisteak (gogoko dut Cercas idazlea, Cercas antinazionalista ez bezala). Bergoglioz ari da El loco de Dios en el fin del mundo kronika lana. Jainkoaren eroa. Pertsonaia siniestroz beteriko mundu honetan, argi pixka bat zerienetariko bat izan da jesuita zendua. Sinestun aunitzek haren hutsa sumatuko dute. Fedegabe frankok ere bai. Gorrotatu dutenak haren ondokoa Vanceren gogokoa izan dadin ari dira jada mugitzen lurrak eta zeruak.