Frantzisko aita santua hil da, eta hedabideetan hagiografiak (oraindik santu izendatu ez duten arren) irakurtzen hasi gara. Esperatzekoa zenez, ezkerraren aldetik etorri dira laudorio handienak (ezker guztietatik ez, ados), aitzitik, eskuinaren aldetik iristen zaizkigun doluminak zekenak izan dira, xuhurrak, gizalegeak ezartzen dituen mugen barruan, hori bai, baina badirudi batzuek lasaitu ederra hartu dutela azken aita santuaren heriotzarekin. Nik, benetan, ez dakit zer pentsatu. Gai batzuetan progresista izan zela diote askok, baina ez gehiegi, edo erreformista, baina ez gehiegi, edo aldaketak bultzatzearen aldekoa, baina ez gehiegi: batean kale eta bestean bale, azken buruan. Senak xuxurlatzen dit kontserbadoreek mesprezatu bazuten, zerbait izango zuela gizonak, gainera, jatorrian euskaraz idatzitako liburu bat, Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen “Miñan”, gomendatu zuen behin, eta euskaldunok oso esker onekoak gara norbaitek euskarari kasu apur bat egiten dionean (ohituegi gaude kontrako jarreretara).

Nik uste dut ahazten zaigula Frantzisko aita santua izan zela, hau da, eliza katolikoak duen kargu gorena, burua, eta haren betebehar nagusietako bat dela erakunde hori osorik, osasuntsu eta boteretsu bizirik irautea. Fededunek beste ikuspuntu bat izango dute, jakina.

Frantziskoren heriotzarekin batera hedabideek konklabea dute hizpide eta hautagai posibleen zerrendak edonon daude. Esaten dutenez, Trumpek berak, antza, badu hautagai gogoko bat, Raymond Burke izeneko kardinal estatubatuarra (Trump, benetan, jainkoren baten zigorra dirudi). Betiko profezia zoroek ere badute lekua (orrialdeak eta minutuak bete behar dira) hedabide batzuetan. Bitartean, Erromako elizak ikuskizun ederrak ematen segituko ditu, alde horretatik espektakuluaren gizartean primeran txertatuta dago, eta aita santu gaien zerrendekin, vatikanologoen analisiekin eta fumata ospetsuekin entretenituta egongo gara (edo ez) hurrengo asteetan.

Azkenean, beste aita santu bat egongo da, progresista edo kontserbadorea, baina aita santu, batez ere.