Gaiztoak gara oso. Eta eraso egiten dugun askotan, gure ipurdia babesteko izan ohi da. Madrilgo komunitateko presidenteak, Isabel Diaz Ayuso andreak, Madrilgo Nuntziatura Apostolikoan jarritako Aita Santuarengatiko doluminen liburuan paper batean idatzitakoa kopiatu omen du. Kontua da, paper hori, gizonezko batek erraztu ziola, justu, liburua sinatzeko jarri zenean. Tolestutako papera ireki, ustez han jasotakoak kopiatu, eta papera berriro tolestu eta gorde omen zuen.

Eta keinu horretatik ten egin zaio izararen luzeari: kabineteak agintzen diona esaten duela, pinganilloa eramaten ote duen hitzaldietan, inprobisatu beharra izan duenean totelka aritu izan dela edota koherenteak ez diren kontuak aireratu dituela… kazetari titulurik ote duen ere zalantzan jarri den arte.

Ayuso ez dut gustuko eta ez dut defendatuko, are gutxiago, paperean zer jartzen zuen jakin gabe (beharbada, azken momentuko albiste bat helarazi zioten). Baina galdera da, ea zein politikarik idazten dituen bere hitzaldi guztiak, medioei eskaintzen dizkieten adierazpen guztiak, aurkezpenak, elkarrizketak, mahai-inguruetako parte hartzeak… Hamaika dira agintzen dizkieten lerroetatik aldentzen ez direnak… inprobisazioei uko egiten dietenak… inolako arriskurik hartzen ez dutenak… hitzaldietan berotu ere egiten ez direnak… eta, bada, ustez hutsik egiten ez dutenak.

Gutxi batzuk dira berezko diskurtsoa duten politikariak. Alderdiaren esanei edo esanetatik harago, beren hitzei arrasto pertsonala darienak. Pentsamendu ildo pertsonala ikusarazten dutenak. Testu onetan, idazlea nor den adierazi ez badigute ere, estiloagatik asmatzen dakigunean bezala, marka propioa dutenak. Estilo, txinparta eta, batez ere, ideia propioengatik ezagutzen eta jarraitzen ditugunak. Gutxi dira maila horretakoak.

Nago, Ayusok, ez zuela doluminen liburuan sinatu nahi. Baliteke ez jakitea hala egitea legokiokeenik ere. Kabineteak aginduko zion egin beharra zuela. Erraztuko ziola tokatzen den tonu oneko testua. Eta, berak, joan eta egin. Beste askotan beste askok bezala. Agerpen guztietan ez da asmatzen.