Aita santuz jantzitako Trump presidentearen irudia ikusi bezain laster, pentsatu nuen beste meme baten aurrean nengoela (meme-garaia da gurea), azken finean, Trumpek berak esana zuen aurreko egunetan bere burua oso egoki ikusten zuela aita santu berria izateko. Baina berehala jakin nuen Etxe Zuriak berak atera zuela irudia: badirudi Yemen bonbardatzen duten bitartean, administrazio estatubatuarrak denbora ateratzen duela txantxak egiteko. Uste dut fededun batzuk suminduta daudela ditxosozko irudi horrekin, baina Espainiako Erresumak eman duen fruiturik fededunenak, Abogados Cristianos deituriko horrek, ez du kontua auzitara eramateko asmorik; zer nahi duzue, Trump haietako bat da. Afera leuntze aldera, Etxe Zuriak jediz jantzitako Trumpen irudi bat atera du, jedi gihartsu bat laser-ezpata eta guzti. Arazoa da laser-ezpataren argia gorria dela, eta mundu guztiak daki argi gorridunen laser-ezpatak gaiztoek erabiltzen dituztela, ez jedi zintzoek (Yemengoarekin lanpetuegi zeuden, ziur aski, xehetasunez arduratzeko).

Argi eta garbi dago Trumpek astero atera behar duela ergelkeriaren bat serioski egiten dituenak estaltzeko: Yemen, milaka funtzionario kaleratzearena eta abar. Lerdokeria berriena Alcatraz espetxe famatua berriro irekitzearena izan da; Alcatraz atontzea kartzela berri bat eraikitzea baino garestiago izango da, baina sinboloak sinboloak dira, eta hemen nago ni Alcatrazi buruz idazten, eta ez Yemeni buruz.

Gauza bera gertatzen da Trumpen hitz egiteko moduarekin. Orain dela gutxi arte guztiok uste genuen lekuz kanpo zegoela agintari batek plaza erdian “nire ipurdia musukatu” bezalakoak erabiltzea, baina orain... orain uste dut askori primeran irudituko zaiela hizkera hori, giroa irudikatzea ez da zaila, MAGA-z betetako taberna bat, adibidez (“potroak ditu horrek, motel!”).

Imitatzaileak ikusiko ditugu laster: hemengoek ez dute Yemen bonbardatuko, baina bonbak egitea eta funtzionarioen kaleratzeak askoren ametsak dira. Hizkera “desinhibitua” (horrela esaten omen zaio) ere iristen ari zaigu. Izan zen Ayuso lehendabizikoa “fruta” harekin?