Txikia izeneko bat izan zen Dindatxikian. Club 27, Nabarrerian gora eta, 1975etik aitzina, bertze bat, behiala pertzak egiten omen zituzten karrikan. Lehenago, etxabe horretan, tapiz-denda bat izan zen, baina gero, tapiz eta gisakoen ordez binilozko diskoak agertu ziren, jira-biraka etengabean, garai hartako musika printzak entzuteko eta dantzatzeko.
Oraingoz, berrogeita hamar urtean iraun du, 88tik aurrera Ser-vicio Público eta Refugiados taldeetako gidariak gobernatua. Gauaren minean huts egin gabe zabalik egondako aterpea, hiriko tribuen topalekua, bertzelako doinuak zuzenean gozatzeko leku hauta, musikarien probalekua, igande arratsetako giro motela zuzeneko musikaren bidez piztu duen txokoa, hiruzpalau belaunaldiren biltokia, bakoitza bere janzkera, kolore, zaletasun, gustu eta moldeekin.
Zer ez duten tabernariek ikusi barraz barnealdetik barraz bertzaldeko zurrutero eta gau-txorien artean; liburu bat plazaratu zitekeen ikusitakoak kontatzeko, edo bi, edo hiru… belaunaldi adina liburu. Hainbat txokoz osaturiko taberna, bakoitzari bere giroa zeriola: sarrera aldea eta hasierako barra-tartea, leku mehar xamarra; gero, zabalagoa, eta, han, atzean, bukaeran, plaza edo patioa, pintadez eta pegatinaz jositako komunetara joateko zeharkatu beharrekoa. Eta han ere, leizea edo infernuko zuloa, ur putzua, gure Alde Zaharrean hain ugariak direnetariko bat; estalia, jakina.
Hala ere, urteen joan-etorrian ez dira gauza gutxi erori gero sakontasun ilun hartara; azkenetako gauza bat, auto bateko giltza, soka eta iman baten bitartez ilunpe hartatik berreskuratua. Ederki merezitako omenaldia jaso zuen lehengoan orain arteko jabeak. Bertze batzuek hartu dute Toki Leza, Antoniok utzi baitu. Hala ere, ez du inola ere utzi musikaren bidea, Párrockos taldearen bidez jarraituko baitu printzak ontzen.