Pili Zubiarrain, emakume aparta izateaz gain, oso lagun maitagarria zen. Haren bat-bateko heriotzaren berriak suntsitu egin ninduen, gezurra iruditzen zait oraindik, baita bizitzaren jokoari iseka ankerra. 58 urteko kemena eta benetakotasuna, bai, baina eskuzabaltasuna gainezka eta diskrezioa haren nortasunaren ezaugarriak izan zirela uste dut. Horrela, zuzena egiten duela dakienaren lasaitasun eta irmotasunez, biolentoen gorrotoari aurre egin zion, inolako protagonismo-grinarik gabe. Eta bere ondorioez eta jasan beharko zuenaz erabat jabetuta egin zuen: mota guztietako mehatxuak, mespretxuak, eskratxeak, bere pertsonaren aurkako erasoak, bere bulegoaren kontra, bere ingurukoien kontra... Izan ere, Altzo -munduan bere lekua- oso ondo ezagutzen zuen lurralde baten erdian kokatua dago, non ezker abertzaleak garai hartan bizilagunei eta udalei egiten zien larderia, armak hartzen zituztenen diskurtso bortitzaren bozeramaile eta sufrimenduaren sozializazioaren eragile aktibo gisa eraikia, eguneroko konstante bat zen. Urteak eta urteak borroka eta erresistentziaz, ez zuen inoiz amore eman edo burua makurtu, ez abokatu gisa, ez jelkide militante gisa ezta Altzako alkate gisa ere. Hainbeste dira oroitzapenak... Duela ez asko, zaharberritutako Arretxe Baserrian, mahaia, babarrun lapiko bikaina bere sakramentu guztiekin eta bazkalondo luze bat partekatu genituen, Piliren sukalde horretan bakea eta konplizitatea arnasten zen... gogoratzen dut gauzak esateko zuen modu barea, esaldi baten amaieran geldituz, erdi irribarre eginez, mintzakideari erronka eginez... geure erabakia da nola bizi, Elena ... beti eztabaida eta hausnarketa eraginez, abertzaletasuna, duintasuna eta hutsegiterik gabeko memoria aldarrikatuz.
Duela egun batzuk gure lagun komuna oroituz Patxi Agirrek idatzitakoa irakurri nuen, ze politta esana... Haren baimenarekin, emandako azken agur zirrara eta zinezkoa, bera zen bezala, partekatu nahi dut: Zure eredua, gure bidea da. Agur eta ohore. Egun handire arte, Pili maitea.