Badirudi bukatu dela EAJren eta PSEren artean egon den ekaitza. Tira, ekaitza hitza handiegia da, euri-zirina bezalako bat nahikoa izango litzateke azken tirabiratxoa izendatzeko. Beste batzuk izan dira, baina ez dakit gogoan ditudan guztiak. Etxebizitzen inguruko bat egon zen, edo bat baino gehiago, ez naiz oroitzen: Espainiako Erresumatik zetorren lege batek hemengo eskumenak urratzen zituela, edo tentsio eremuak zehazteko behar ziren azterketen inguruko zerbait.
Hezkuntzaren arloa busti zuen beste zirimiri batek, unibertsitatea kasu horretan: berriro ere Madrilgo lege batek hemengo eskumenak ez zituela kontuan hartzen edo, unibertsitate pribatuak ere tartean zeuden. Oraingoan immigrazioa izan da. Baina atertu du, eta eguzki-izpiek Eusko Jaurlaritzaren azala berotzen dute berriro. Oposizioa, normala den bezala, azken tirabiratxoaz baliatu da esateko Jaurlaritzak ez duela programa sendorik (EH Bilduk) eta jeltzaleak sozialisten besoetan estuegi loturik daudela (Partido Popularrek).
Ezer berririk ez. EAJk, normala den bezala, EH Bilduren eta PPren jarrerak kritikatu ditu. Ezer berririk ez. Eneko Anduezari ez diot ezer entzun, baina uda partean izango dugun liskartxoa prestatzen ibiliko da, udan, bestela, aspertuko ginateke. Eta horrela joaten zaigu EAEko bizitza politikoa. Sozialisten eta jeltzaleen arteko loturak korapilo asko ditu Gasteizen zein Madrilen, lurralde historikoetan zein udaletan. Agian EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuak ez du Programarik (letra larriz) izango, Pello Otxandianok dioen bezala, baina duten akordioarekin aski dute legealdia bukatzeko. PSEren besarkadak indartsuegiak izango dira beharbada jeltzaleentzat, Javier De Andrések dioen bezala, baina PPren besarkadak hartz batenak izan daitezke.
Batek daki. Espainiako Erresuman egiten diren inkestak betetzen badira, hau da, eskuinak eta eskuin muturrak irabazten badute han, dena desberdina izango da gure autonomia-erkidegotxoan. Edo ez. Etxebizitza, hezkuntza eta immigrazioa: gai serioegiak txantxetan ibiltzeko. Barkatu.