Gaur euskal literaturari gorazarrea egiten zaio, bai eta euskaraz liburu bat argitaratu zuen lehen emakumeari ere: Bizenta Mogel. Dagoeneko hasi egin da Bilboko Arriaga Antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVIII. edizioa, non 1804an argitaraturiko Bizenta Mogelen Ipui onac lana ehunka ahotsaren bidez irakurriko den. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan irabazlea izan den Nerea Ibarzabalek Bizenta Mogelen lanaren lehen lerroak irakurtzeko ardura hartu du. Garrantzi handiko lana da gaur euskaraz irakurriko dena, izan ere, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara.
Garai hartan, emakumeak etxean egotekoak ziren, etxeko lanak burutzen, sukaldeko betebeharrak egiten, josten, eta ez zen onartzen liburuen artean begiak nekatzen egotea. Zorionez, Bizenta Mogelek, bizitzaren kasualitate gordeek aginduta, aukera izan zuen ikasketak burutzeko, Juan Antonio Mogel apaiz idazlearengana joan baitzen bere aita hil ostean. Garai haietan ere idazketarekiko pasioari ateak zabaldu zizkion, eta lehen izkribuak egiten hasi zen. Eginkizun hartatik etorri zen euskarazko lehen fabula-liburua, bai eta gainera, emakumezko batek izkiriaturiko eta euskaraz inprimatutako lehen liburua ere.
Horregatik aukeratu da gaurko ekimenean Ipui onac lana, “euskal literatura eta Europako literatura klasikoa lotzen dituelako, alegia literatura-genero primitiboari lekua egiten diolako eta emakume batek euskaraz publikatutako lehen obra dugulako”. Betiko legez, literaturaren eta euskararen inguruko festa handia izango da gaurkoa, eta euskara ikasten ari diren euskaltegiko ikasleekin batera makina bat pertsona hurbilduko dira Arriaga Antzokira lan horretako pasarteren bat irakutzeko xedez, tartean, kirolariak, politikariak, idazleak, kultur eta gizarte eragileak, artistak, antzerkigileak, sindikatuetako ordezkariak, Udaleko eta Diputazioko ordezkariak, eta abar. Gaurko egunak euskal kultura herritarren artean prestigiatzeko, eta ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzeko ere balio du.