Egunkari bateko lerroburu batean zera irakurri dut: Ayusok dio sozialismoa zure oroitzapenetan sartzen dela zure etorkizuna kontrolatzeko”. Pentsakor gelditu naiz: oroitzapenetan sartu geroa kontrolatu ahal izateko? Ez al du zientzia-fikzioak galdu ideia itzelez beteta dagoen buruargi bat? Zeren oinarri hori kontuan harturik (oroitzapenetan sartu, hau da, iraganean, iraganaren memorian, zer eta etorkizuna, geroaldia, kontrolatzeko), eleberri pare bat, bizpahiru film eta hamaika telesail egin daitezkeela bururatzen baitzait berehala. Lerroburua berriro irakurri dut osorik, lehen zatiarekin zoraturik, bigarren parteari ez diodalako kasurik egin: “Ayusok dio sozialismoa zure oroitzapenetan sartzen dela zure etorkizuna kontrolatzeko eta Madril dela komunismoaren kontrako antidotoa”. Iruditu zait bigarren zati horrek distira kentzen diola hasierari, baina balizko gidoi horren barruan sar daiteke, azken finean, gauza bitxiagoak ikusi eta irakurri ditugu.

Egunkarietako lerroburuez gero eta gutxiago fio naizenez, albiste osoa irakurtzeari ekin diot, gogo txarrez, irakurtzen ari naizen eleberria berriro irekitzeko irrikan bainago. Madrilen (komunismoaren arriskuetatik urrun) Alderdi Popularreko kongresuan bota ditu hitzok Ayuso andreak; esaldia luzeagoa zen, egunkariaren arabera hauxe: “Komunismoak, sozialismoak bezalaxe, esan egin behar du nortzuk garen herritar onak eta herritar txarrak. [Komunismoa edo sozialismoa] zure bizitzaren poro guztietan sartzen da, zure dietan, zure sakelakoan, zure seme-alabengan, zure oroitzapenetan zure etorkizuna kontrolatzeko”. Nahasia, bai, baina balizko gidoi horretarako ate asko irekita ikusten dut nik, poroena iradokitzailea da: poroetan zehar sartu, sozialismoa diot edo komunismoa, garunera iritsi ahal izateko, eta han neuronak manipulatzen hastea, adibidez? Dietarenak ere aukerak ditu. Entsalada sozialistak? Porru-patata komunistak?

Eskuin muturrak telesaila ekoiztuko balu, baietz bukaeran protagonista sendatuko litzatekeela “kañita” bat edaten Madrilgo terraza batean.