Pentsalari eta idazle bat baino gehiagok esana da, herri baten neurria edo maila, bere hizkuntzarena dela.

Aurreko astean irakurri nuen albiste batek irribarrea lapurtu zidan. Denda bateko pertsianan “Cerramos unos dias por aberia” jarri omen zuten. Hiru akats ortografiko bata bestearen segidan. Euskaraz “mezedez” edo “ezkerrik azko” irakurtzen dugunean bezala, begiko mina eragiten zuen. Poztu nintzen, hartakoan ez zelako euskaraz izan.

Nire aita zenak ortografiari sekulako garrantzia ematen zion. Ortografiari, ondo idazteari eta paperean testua ondo kokatzeari. Pertsona baten jakituria idazteko eraren arabera asma zitekeela esaten zekien. Akats ortografikoak egiten zituenagatik “eskola gutxi” zuela esango zuen; ondo idazten ez zuenagatik “gutxi irakurritakoa” zela; eta hizkiak folioan sartzen ez zaizkionagatik edo hizkiak dantzan itsatsiko zituenagatik, “bisio gutxiko pertsona” zela.

Hernanin ertzaintzaren eta Bingen Zupiriaren aurka agertutako pintadek askotxorako ematen dute. Gustura egingo nukeen azterketa aitarekin. Pintadak egin d(it)uenak “euskaraz herrena(k)” d(ir)ela esango zuen, “txakurren jabia”-ren ordez “txakurraren jabia” idatzita utzi baitu(te), maketuek bezala. Ez direla euskaradun jatorrak gehituko luke: “Ertzainak borroka tiro en la boka” delakoa, errima txarra izateaz gain, esaldia ez baitago ondo egituratuta, komak falta zaizkio eta gaztelania sartu behar izan baitu(te) indarkeria erakusteko. Eta bisio espazialik eta tenporalik gabeko pertsona(k) d(ir)ela gehituko luke, hormaren erabileragatik, hizkiei darizkien dantza ariketagatik, eta frontisak euskaldunontzat zer balio duen ez ezagutzeagatik eta ez errespetatzeagatik.

Argi dago, azkenduko zukeen, hori idatzi du(t)enak ez du(t)ela izenak euskaratzeko egin dugun borroka luzea ezagutzen. Euskaraz erabiltzen den izen bat gaztelaniaz jartzea irain ezin gogorragoa da euskara eta euskal nortasunaren defentsan lan nekaezina egin dugun euskal herritarrontzako.

Gure herriaren maila, horma horretan erakusten den idatziaren mailakoa bada, penagarria, benetan.