Euroeszeptiko gehiago egongo da aste honetan eta, oro har, euroeszeptizismoa igoko da Trumpen eta Von der Leyenen arteko bostekoa ikusi zenetik muga-zergen afera konpontzen (edo) zuten bitartean (Trumpen soltura betikoa eta Von der Leyen zurruntasuna).

Uste orokorra da Europako Batasunak Trumpen aurrean belauniko jartzea aukeratu eta txarra onartu duela txarragoaren beldurrez. Muga-zergak % 15ekoak izango dira kasu gehienetan, baina Europako Batasunak dirutza xahutu beharko du Estatu Batuetan inbertsioak egiten eta energia zein armak erosten. Dirutza hori nonbaitetik aterako da, europarron poltsikoetatik, jakina. Europako agintari batzuek (Frantziako Bayrouk, Alemaniako Merzek, Hungariako Orbánek, Espainiako Sánchezek) adierazi dute, indar gehiago edo gutxiagorekin, ez daudela oso pozik lortutako akordioarekin, gogorrena Viktor Orbán izan da, baina Italiako Melonik (Trumpen satorretako bat Europan) txalotu du ituna.

Europako Batasunak berriro erakutsi digu Estatu Batuetako sukurtsal ziztrina baino ez dela, kolonia koldarra, eta autonomiaren aldarrikapen guztiak horixe baino ez direla, aldarrikapenak, nagusiaren abusuak jasateko prest dagoena, nagusiak buruan izan ditzaken abusu gehiagorekin izututa. Europako Batasunak ez du kemenik izan Palestinan gertatzen ari den genozidioaren aurrean zerbait egiteko Estatu Batuak ez haserretzeagatik (eta ez duelako iritzi bakar bat, ados), eta oraingoan ez du kemenik izan bere herritarren interesen alde jokatzeko. Europako Batasunaren ahuldadea begi-bistan geratu da mundu osoaren aurrean.

Oraingo akordioa sinatu ezean, okerragoa izango litzateke etor litekeena? Europak Estatu Batuetan gastatu behar duen diru horrekin zaila da erantzutea. Ekonomistek argitu beharko digute. Agian okerragoa izan daiteke enpresa batzuentzat, baina gastu derrigorrezko horrek (non dago liberalismo ospetsua?) ondorio latzak izango ditu Europan bizi garenontzat.

Trump barregarria izango da, baina nahi duenak lortzen du beti. Bide batez, Harvard Unibertsitateak dibertsitate-bulegoa itxi du.