Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Zu izan

Zu izanIban Aguinaga

Nire alabak dio zaila dela jendea benetan nolakoa den ezagutzea. Atzo esan zidanez, ia ezinezkoa da pertsona bat bere osotasunean ezagutzea, izan ere, gutako bakoitza ezberdina da lekuaren eta testuinguruaren arabera. Ni ez naiz berdina nire lagunekin edo zurekin, adibidez, -esan zidan- eta ez naiz bera saski-baloi taldekoekin edo lehengusinekin.

Beraz, horra hor nire alaba nerabearen zalantza: orduan, ama, ez dugu inor guztiz ezagutzen, ezta? Txikitatik izan du halako galdera erraldoiak egiteko joera eta orain, hamabost urte bete dituenean, gero eta galdera zailagoak egiten dizkit. Erantzun diot batzuetan norberak ere ez duela bere burua guztiz ezagutzen, nola ezagutuko dute ba besteek?

Lo hartu aurretik egin dit galdera. Eta behin lo geratu denean, beste hainbat galdera piztu zaizkit barruan. Adibidez, zergatik egiten dugu hori hain modu naturalean, hau da, modu ezberdinetan jardun batzuen eta besteen aurrean. Ia konturatu gabe egiten dugun zerbait da eta zerikusia du aurrean dugunak gutaz espero duenaz. Egoera bakoitzean rol bat betetzen dugu, baina ez digu inork zuzenean eta esplizitu esan hau edo bestea dela gure rola, haien begiradetan, haiek guri hitzegiteko duten moduetan iragartzen dugu ze irudi duten gutaz, nor garen haientzat. Eta, horrela, gure izateko modua moldatu egiten dugu espektatiba horren arabera.

Hala ere, esango nuke badaudela pertsona batzuk askatasun gehiago eskaintzen dizkigutenak gu garen modukoak agertu ahal izateko. Aske sentiarazten gaituztenak burutik pasatzen zaiguna bitan pentsatu gabe esateko, gure hitzak barruan entseatu gabe kaleratzeko. Gero eta balio gehiago ematen diot nahi dudan pertsonaia izateko askatasuna ematen didaten konpainiei. Batez ere, beraiek bezala pentsatzeko eta gauzak beraiek bezala egiteko baldintza ezartzen ez dizkidatenei beraien lagun izateko. Pixka bat ni izateko aukera ematen didaten pertsonekin sentitzen naiz eroso, nahiz eta, alabak ohartarazi bezala, ez dudan oraindik oso garbi ni nor naizen.