Bizkai-Gipuzkoak erre dira. Albiste hori irakurri izan bagenu, guztiok beldurtuko ginatekeen. Bada, horixe da, gutxi gorabehera, Espainian 2025. urtean egundaino erre den azalera. Gu, bizkaitar-gipuzkoarrok trankil bizi gara geurean ez dagoelako erreketarik. Hala ere, euskaldun guztiok eta enparauko europarrok ez dugu zio handirik trankil egoteko. Izan ere, Europar Batasunean ere 2025ean egundaino ia milioi bat (1.000.000) hektarea erre dira. Zenbat herrialde dira txikiagoak Europan eta ludi guztian?

Ez dut zalantzarik, erreketa horien atzean kalkulu kriminal bat dago. Zalantzarik ez. Estatistikari begira, % 3 kenduta, enparauko erreketak giza eskuak eragindakoak dira. Asmoa zein den ez dakit, baina ez dut zalantzarik: erreketa horiek guztiak eragin dituztenek badute zeozer buruan, eta ez dut uste zer hori ona denik. Ludia geroago eta beroagoa den honetan, hori moteltzeko edota geratzeko eginkizuna dutenek ez dute planik, besteak beste, horrelako erreketen aurretik neurririk hartzeko? Ez dut sinesten.

Joan gaitezen, berbarako, Espainiako Erresumara. Espainiako lur elkorrak 307 km2 ziren 2009. urtean; hamar urte geroago, 7100 km2 ziren. Gaur egungo daturik ez dut, baina ziur naiz handitu egin dela azalera hori. 2010. urtean Espainiako andeatzea % 3 zen, eta hamar urte geroago %5. Jaime Martínez Valderrama zientzialariaren arabera, Espainiako lurren % 20 daborduko bihurtu da basamortu. % 20!!!! Horren errudunak nekazaritza intentsiboa eta berak behar duen ureztatze eutsiezina dira. Leku batean ur eskasia eta beste batean eurrez eta hala moduz jaurtitzen.

Bien bitartean, Espainiako Erresumako alderdi nagusiek, Madrilen eta suak jotako autonomia-erkidegoetan hori amatatzeko ardura dutenek, elkarri leporatzen diote egoeraren errua, baina arazoari suhartsu (ironia!) heldu beharrean elkarrekin dihardute eta diraute inutilagoa nor den ebatzi nahian. Antzina erabiltzen zen esaera hau datorkit burura zutabeari amaiera emateko: “España cañí”.