Freskura ailegatu da gure lurraldera, baina iragan den sapa-bolada ez zaigu ahantzi, eta are gutxiago suteak basoak jaten ari diren probintzietan ere. Asteak pasatu dira eta baso-suteek pizturik darraite Espainiako hainbat eskualdetan.

Tristea da herri kiskaliak ikustea, tristea bertako biztanleen etxeetako ondasun guztien aurrean malkotan ikustea, tristea 80 urteko agure zaharra dena galdu duelako negarrez ikustea, tristea burua altxatu eta begirada luzatzean errautsez beteriko parajeak ikustea, tristea bizirik atera diren animalia izutuak noraezean eta alderrai ikustea jateko ezer ez dutela, tristea ere pentsatzea zenbat izaki eder eta nimiño akabatu diren pindarren artean hilik.

Egunotan ere espantagarriak dira politikarien arteko ika-mika lotsagarriak. Errua besteari egotzita lasai gelditzen dira ultraeskuindarrak, probintzia horietako baso-kudeaketa negargarriaren osteko emaitzen arduraz jabetzen ez diren bitartean. Laidoak guztiontzat dituzte, eta edonori piromano deitzen diote, bestelako su politikoak hedatu nahian.

Horrexegatik oso deigarria izan da ministroak Senatuan agertzen ikustea, eta ez bertako eskualdeetako arduradun zuzenak, presidente autonomikoak, horiek baitira benetako piromano alferrak, urteetan deskalabruzko basogintza politika egin baitute.

Egunotan, oraindik suteek mendiak erretzen dituzten bitartean hainbat albiste estonagarri agertu dira zenbait hedabidetan. PP alderdiak gidatzen duen Gaztela eta Leongo Juntak ingurumen-oniritzia eman omen dio Neopiedras S.L. enpresari, su hartu duen zonalde batean 342.000 tona kuartzita atera ahal izateko. Urteak daramatzate proiektu horrekin, baina orain gauzatu omen da. PP berak Ourense eta Lugoko probintzietan izandako azken suteek kaltetutako pertsona guztiei kalte-ordainak emango dizkietela esan du, eta hein berean ehizarako laguntzak banatuko ditu. Ehizarako?

Kuriosoa da alderdi horren eskutan dauden komunitateetan gertatzen diren bitxikeriak, ezta? Ez al da higuingarria?