Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Irakurri

IrakurriEuropa Press

Asko idatzi da azkenaldian irakurketari buruz emakume influencer batek egindako deklarazioen ondorioz. Maria Pomboizeneko emakume honek, instagramen hiru milioi jarraitzaile baino gehiago duenak, esan omen zuen irakurtzeak ez gaituela pertsona hobeak egiten, eta nazkatuta dagoela irakurtzen ez dutenei nagusitasunez begiratzeko jarrera horrekin.

Halako zerbait esan zuen. Eta hautsak harrotu ditu. Hainbat artikulu idatzi dira influencerrak esandakoari erantzunez eta balioan jarriz irakurketak ematen digun guztia. Ba eztabaida honen erdian gogoratu dut Alejandro Dolina argentinarrak bere “La venganza será terrible” irrati saioan botatako esaldi bat: “Jendeak ez du irakurri nahi, jendeak irakurri izana nahi du”. Esaldi honek irakurtzearen plazerari buruzko galderak sorrarazten dizkit.

Iruditzen baitzait ez dugula beti eta denok helburu berdinarekin irakurtzen.

Batzuek irakurketak ematen dien plazera sentitzeagatik irakurtzen dute; beste batzuek euren bizitza grisak ahaztu eta bizitza imajinario aberatsago batean bizi nahi dutelako, zenbait orduz behintzat; badago irakurtzen duenik albokoarekin hitz egiteko beharrik ez izateko; euren burua hobeto ezagutzeko irakurtzen dute askok baita ere, fikziozko pertsonaietan euren bizitzak islatuta ikusten dituztelako; beste kultura eta ohitura batzuk ezagutzeko irakurri daiteke baita ere; edota askotan zentzugabekoa iruditzen zaigun bizitza honi zentzu bat eman ahal izateko. Eta guzti hauen artean, badaude ere Alejandro Dolinak aipatzen dituen horiek, liburuak irensten dituztenak, bat bestearen atzetik, besteei hau eta bestea irakurri dutela esateko bakarrik.

Neurri batean ados nago Maria Pombo delakoak esandakoarekin, irakurtzeak ez gaitu pertsona hobeak egiten, denetarik dago irakurtzen dutenen artean. Hala ere, ezin ukatu pertsona osatuago, kontzienteago, argiago, enpatikoagoa izateko aukera ederra eskaintzen digula literaturak. Bakoitzak erabaki dezake aukera aprobetxatu ala ez.