Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Elena Etxegoyen

Paris, 11 Avenue Marceau, bueltan gaude

Paris, 11 Avenue Marceau, bueltan gaudeRedacción DNN

Duela lau urte, Kongresuan Memoria Demokratikoaren Lege Proiektuaren eztabaida hastear zegoela ikusiz, zutabe bat idatzi nuen, lege horren eskutik EAJ-k azkenean lortuko zuela defendatzen zutenen ezjakintasuna, kaskarkeria eta chauvinismoa azpimarratuz bukatzen zena: Pariseko Marceau eraikina historikoaren itzultzea. Ez zeuden oker. Ezta ni ere.

Parisen, 11 Marceau Avenue, hor egon da, duin eta zutik, lehen unetik azkeneraino: erbesteko Eusko Jaurlaritzak egindako politikaren ikurra eta errefuxiatuekiko zuen konpromisoaren erreferente nagusia, Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo urteetan; 1937ko hasieran, Rafael de Picaveak, Euzkadiko Gobernu Ordezkaritzaren bulegoak jartzeko, alokatu zuen eraikina, 1939ko otsailean, gerra irabaztear zeuden frankisten atzapar konfiskatzaileetatik bere ondarea babesteko EAJk sortutako Finances et Entreprises sozietateak, Amerikan bizi ziren militanteen ekarpenei esker, erosi zuena; 1940ean, Frantzia naziek inbaditu izanda, Armadak eta Gestapok konfiskatu zuen eraikina eta Falangearen egoitza bihurtu zen ere; 1944ean, 2. Mundu Gerraren ondoren berreskuratua izan zen eta 1951ean, agintari frankistei Frantziak eskeinita eta emanda izan zen; duela gutxi arte, Instituto Cervantes delakoaren Pariseko egoitza ofiziala izan da; nolanahi ere, une orotan, porrotari inoiz amore eman gabe, jasandako espoliazioa iraultzeko borrokatzen jarraitzen izan dira EAJko beste kide eta ordezkarik.

2025ko irailak 20ean, EBBren presidentea Aitor Esteban hunkituak, bide luze baten amaiera eta beste berri baten hasiera aldarrikatu zuen, solemneki, Parisen bertan, Marceau eraikineko areto nagusian, herri baten erresistentziaren ikurra denaren erdi-erdian eta faxismoaren aurkako borrokarena ere, deserrotze- eta erbesteratzearen aurreko konpromisoaren erreferentea, baita Europako eraikitzearena ere. Hau da, EAJ-ren ekintza politikoa sostengatu zuten eta sostengatzen duten printzipioak, zeinengatik merezi baitu ekin egitea, borrokatzea eta konprometitzea. Bueltan gaude.