Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Kataluniatik

KataluniatikDavid Zorrakino / Europa Press

Hauts katalanak harrotuta datoz La Vanguardia egunkariak hauteskunde-inkesta bat argitaratu zuenetik. Askotan esan digute inkestak inkestak baino ez direla, begien bistakoa dena, bide batez, eta inkestetan jendeak erantzuten duenak batzuetan ez duela zerikusirik hauteskunde egunetan jende berberak egingo duenarekin (nik neuk telefonoz egin dizkidaten galdeketetan gezurrak botatzeko tentaldi kontrolaezina izan dut beti). Kontua da aipatutako inkesta hori alde askotatik dela harrigarria: Aliança Catalana laugarren alderdia izango litzateke, 19 aulki; PSC (36) eta Junts (21) alderdiek atzera egingo dute; Vox-ek (16) atzean uzten du PP (13); ERC (21) Junts-ekin berdinduta gelditzen da eta, bukatzeko, Comuns (5) eta CUP (4) azkenak izango lirateke. Kataluniako parlamentuak 135 aulki ditu, eta gehiengo absolutua 68koa da. Analistek batuketak eta kenketak egiten dabiltza, eta ondorioa garbia da: Katalunia gobernaezina izango litzateke horrela.

Aliança Catalana horrena da bitxiena: bi aulki izatetik 19 izatera, eta lehen alderdia Gironan zein Lleidan. Analistak eskuin-mutur katalanaren igoera azaltzen saiatzen ari dira: frustrazioa da gehien errepikatzen den hitza, frustrazioak, horrela pluralean, hobe. Batzuek azpimarratzen dute bi eskuin-muturrek, espainiarrak eta katalanak, botoen % 24a jasoko luketela, baina ez dakit nik batuketa erraz horrek zentzurik duen, migrazioaren aurkako diskurtsoak itsasgarri boteretsuak badira ere. Ehuneko hori, dena den, beldurgarria da.

Katalan askok galdetzen dute zergatik ez dugun guk hemen euskal eskuin-mutur bat. Azalpenak, hemen laburtu ezin ditudanak, askotarikoak dira. Ez dakit noizbait iritsiko zaigun alderdi oso eta zehatz bat, baina agian ez da beharrezkoa, eskuin-muturreko ideiek apurka-apurka edo bat-batean beste alderdien diskurtsoak busti ahal dituzte, eta sare asozialetan gero eta ugariagoak dira euskal adierazpen gutxi gorabehera xenofoboak edo xenofobo garbiak gutxi gorabeherarik gabe. Berritasun asko ailegatu zaizkigu Kataluniatik, eta badakigu nola doan mundua.