Auskalo zenbat urte eta legealdi joan diren Udaltzaingoak lehen deia jaso zuenetik. Ezin jakin auzokideek zenbat dei egin dituzten uda eta negu, gau eta egun, udalari aferaren berri emateko. Denborak aitzina egin ahala, gainera, arazoa gero eta zornetuagoa zegoen, eta bizilagunak gero eta etsituagoak, gero eta koleratuagoak. Azkenean, auzokideen kexak eta sumina bere gordinean plazaratu direnean, ekin dio Udalak Telleria karrikan, eraikina jendez hustuz eta ate-leihoak zuren bitartez itxiz. Izan ere, bizilagunen begietarako, eraikin hori aspaldian zegoen droga-zulo bilakatua eta liskar giroa zen nagusi, bai han barnean, bai inguruan.

Ez da lehenbizikoa izan, ezta azkena ere. Duela bospasei urte, antzeko arazoa lehertu zen Jarautan, molde bereko eraikin baten inguruan. Orduko hartan, gainera, etxebizitzan zeudenek karrikako ostalari ezagun bat zafratu zuten. Orain, Jarautako eraikina iltzez eta giltzez hertsirik dago ataritik teilaturaino, hau da, balkoi guztiak daude porlanezko hormez estaliak. Bertze auzoren batean ere bada narkopisu hotsik, bai eta herritarren ekimenik ere, haien kontra jotzeko.

Bitartean, bertzelakoa da azken bolada honetan Etxabakoitz aldean puri-purian dagoen afera, jende aunitz bizi baita eraikin hondatu batean, eta maiz aski gertatzen dira istiluak han barnean. Erran gabe doa hantxe lo egiten duten etxegabe horietako asko direla bertan dagoen bortxa giroaren lehen biktima. Udaleko prebentzio zerbitzuak gainezka eginik daude, kopetaraino bizilagunak, eta Udalak ahalik eta lasterren eraitsi nahi du eraikina, baina eraispen espedientea epaileen esku dago eta izugarri geldo doa, hainbertzeraino, non, udal aginte taldeak mezua (edo kexa) helarazi baitio Nafarroako epaileen buruari, kasuan kasuko epaileek espediente horri eta bertze batzuei behingoan bide emateko. Ikusiko.