Esaten da Maria-Letizia Remolino Napoleonen amak (hamalau urterekin ezkonduta, hamahiru seme-alaba) seme ospetsuenaren garaipenak eta balentriak kontatzen zizkioten bakoitzean zera erantzuten zuela beti: “Pourvu que ça dure” (ea irauten duen honek). Esaldia gogora etorri zitzaidan berehala bere horretan Gaza inguruko bake akordioaz lehen berria izan nuen unean bertan. Lerrook idazten ditudan bitartean, Hamasek bizirik zeuzkan bahituak Israelen eskuetan jarri ditu, eta Israelek 2.000 preso palestinar aske utzi, Trumpek ikuskizun bat eskaini du Israelgo parlamentuan eta beste bat mundu osorako Egipton akordioa sinatzean. Badirudi, beraz, orain arte iraun duela honek.

Eta orain zer? Edonork egin dezake galdera eta inork gutxik erantzun. Gaza orain, palestinarren esku geratzen den lurralde zatia, txikiagoa da, eta mapan “minigaza” bat dirudi, Israelgo armadak zenbait eskualde okupatzen segituko baitu. Hedabideetan Gazako jendea bere etxea zen horretara itzultzen ikusi dugu, baina kasu gehietan ez dago etxerik, hondakinak baizik, orube ziztrinak baino ez. Hondakinen azpian gorpuak agertzen hasi dira (10.000 mila egon daitezkeela kalkulatzen dute), eta eztanda egin ez duten bonbak eztanda egiteko prest.

Wisława Szymborskaren “Bukaera eta hasiera” poeman zera dator: “Gerra baten ostean / garbiketa egin behar du norbaitek”. Irudi horiek ere ikusi ditugu Gazan, non, bide batez, egon dena ez den gerra bat izan; bukaerarik izan duen ere zalantzagarria da. Poema berean, garbiketaz: “Ez da oso lan fotogenikoa, / eta urteak eskatzen ditu. / Kamerak joan dira dagoeneko / beste gerra batera.” Baina Gazan oso kamera gutxi egon dira, eta gelditzen ziren kazetariak erruz hil dituzte (azkena gaur bertan) lekukotasunik egon ez zedin. Oraindik ez da Gazara sartu nazioarteko kazetaririk, ezta behar bezalako laguntza humanitariorik ere, pasabide bakar bat ari dira erabiltzen kamioiak, irakurri dudanaren arabera.

“Pourvu que ça dure”. Ea irauten duen honek. Ez zait ezer gehiagorik gelditzen.