Bazirudien denboraldiaren hasieran EAJk eta PSEk eskaintzen diguten telesailak monotonia utzi eta emozio berriak ekarriko lizkigukeela, batez ere, Enekok aitortu zuenean Andonirekin sentitu zuen hura ez zela Aitorrekin errepikatuko. Barrenak astinduta ikusi genuen kapitulua: nork baretuko ditu orain Enekok sarri dituen kasketaldiak? Azken denboraldietako azpi-tramak hor daude oraindik, dela AHTaren inguruko polemika (azpi-trama eternal hori), dela euskararen ingurukoa, eta hari berriak izango ditugu, antza, denboraldi berrian: Pasaiako portua edo Aranako errefuxiatuen zentroa, zeinak, bide batez, PSE EH Bilduren besoetara bultzatu baitu, batzuen eskandalurako.

Harreman mota berria du Enekok buruan? Pellorekin? Uste dut telesailak ez duela hortik joko. Nolanahi ere, noizbehinka gidoilariak trebeak dira tentsioa sortzen edo lasaitzen, eta hurrengo kapituluan (edo aurrekoan izan zen?) PSE EAJren abarora itzuli da Ararteko berria izendatzeko tenorea iritsi denean, PPren laguntzarekin oraingoan (beste eskandalu bat). Azken-azken kapituluan Enekok azaldu du Aitorrekin dituen harremanak “oso onak” direla, eta ikusleok arnasa hartu dugu, bai, baina iruditu zaigu aurrerantzean aspertuko garela.

EAEko telesaila utzi (aurrekontuen zera ez oso dibertigarria dator orain) eta Valentziakoa eta Espainiakoa jarri ditut. Ez dakit, agian nahiago dut gure EAE txikikoa: hangoek emozio handiagoak eskainiko dituzte, baina beldurrezko filmen parekoak dira askotan. Ez da oso kontsolamendu sendoa, eta badira beldurrezko filmak nahiago dituztenak (ez da nire kasua). Telesail horietako pertsonaiak (Alberto, Isabel, Carlos) psikopatiatik gertu daudela iruditzen zait, eta bada bat, Santiago izenekoa, zoro gaizto arriskutsua dena, benetan, zoro gaizto arriskutsua, “Texaseko Sarraskia”-ko Larruzko Aurpegiaren parekoa.

Tamalez, politika ez da telesail bat, norberak sofatik piztu edo itzali ahal duena nahieran, aitzitik, politikak guztion bizitza zedarritzen du nahitaez, baina gure kontrolpean egon daiteke sofatik altxa eta lanean hasten bagara, gu geu gidoilari hasten bagara. Baikorregia atera zait bukaera, oso “happy end”, barkatu.