Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Denak berdin segitzen du

Denak berdin segitzen du

Denak berdin segitzen du. Urrian urruneko parajeetara joateko zoria izan dut. Hango parametroetan zure barne-munduarekin aritzen zara mintzaldi lasaian, inguratzen zaituen paisaiak txunditzen zaituen bitartean. Himalaia aldean izan naiz, mendi erraldoien habiaren inguruan alderrai. Bertako egunerokotasuna oso kontu minimalista bilakatzen da, ez duzu gauza askotan pentsatu behar, eta zure oinarrizko beharrak ase eginik edo erdi ase eginik dituzula, aurrera segitzen duzu estrata ederretan barna, ardurarik gabe.

Bazter eder haietan mundutik at zaudelako sentsazioak hartzen zaitu. Hala ematen du. “Gure” mundu honetan agitzen denari buruzko informaziorik ez baituzu, are gehiago, ez duzu eduki nahi. Galduta bezala ibiltzen zara, sorlekurik gabe, mundutar gisa, eta topatzen dituzun beste humano batzuei diosala atsegina egiten diezu, Namaste.

Baina bidaiak amaiera izaten du beti, eta “gure” mundu honetarako buelta enbarazu bilakatzen da harik eta hemengo egunerokotasunak tragatzen zaituen arte. Egun batzuetan, hango irudiek betetzen dituzte zure begirada galduak, zure une hipnotikoak.

Egun batean hori guztia diluitu egiten hasten da, eta benetako errealitatearen inpaktuak asaldatzen zaitu berriz, eta denak berdin segitzen duela jabetzen zara.

Palestinan sarraskiak jarraitzen du, eta torturak agertzen dira pantailan, eta ume gehiago hilik. Benjamín Netanyahu ez da infernura joan eta gauero afaltzen du bere familiarekin.

Ukraina eta Errusiaren arteko bataila estupido horrek ere bere horretan segitzen du. Gaur hamar misil, bihar dozena bat bestaldera, soldaduen barrabaskaeriak,…Putin, Trum, Volodímir Zelenski jokalarien partida,…

Espainian zerbait aldatu da. Mazonek bere dimisio lotsagarria aurkeztu du. “Ezin dut gehiago” esan du. Valentzian jazotako tragediaren ondorioak sufrikario bilakatu dira bertako bizilagun askorentzat, baina berak ezin du gehiago. Ezin du gezur gehiago esan? Ezin ditu bere esku zikinak gehiago zikindu? Ezin du bere dimisioa eskatzen ibil diren milaka valentziarren ahotsa gehiago entzun?

Denak berdin segitzen du.