Giza-olatu batek zeharkatu zituen lau hego Euskal Herriko hiriburuak, eta baita hainbat herri ere, azken urriaren 15 honetan. Giza-olatu honek Palestinako herriari une kritikoenetako batean emandako babesa erakutsi nahi zuen: honela adibidez, 55.000 pertsona inguru Bilbon, 18.000 Donostian, 15.000 Iruñean eta beste 15.000 Gazteizen. Uste dut gure garaiko tragedia humanitario handienetako baten aurrean haserre moralaren adierazpena izan zela nazioarteko pasibotasun lotsagarriaren aurrean hain zuzen. Urriaren 15koa protesta etiko eta morala izan zen, munduak ezin duelako, ezin dugulako, beste aldera begiratu telebistaz zuzenean ematen ari den genozidio baten aurrean. Urriaren 15eko protestak bakearen aldeko adierazpenak izan ziren, inposizioaren, inpunitatez eta mugarik gabeko indarkeriaren bidez eraiki ezin den bakearen aldekoa. Sionismo hiltzailearen zigorgabetasunaren aurkako oihu eta garrasia izan zen. Palestinan giza eskubideen urraketa oso larri baten aurrean Europako diplomazia isilaren porrota salatuz. Estatuen eta korporazioen arteko aliantzen hipokrisia eta arimarik gabeko interes ekonomikoak salatuz.

Gogorarazpen bat izan zen estatuen kanpo politikak ere osagai etiko eta moral oso sendoa duela aldarrikatuz. Dena ez da, ez, geoestrategikoa, ez da, ez, dena interes ekonomikoa, giza eskubideak ezin dira urratu. Defendatu egin behar dira. Errepikatzen dut, defendatu egin behar dira. Badira, izan ere, isiltasuna konplize bihurrarazten diren egoerak. Badakit otsailaren 15eko protesta handiak ez dituela Palestinako genozidioa konponduko, baina oso garrantzitsua izan da eta izango da memoriarentzat, gizarte baten memoriarentzat, axolagabekeriari edo ahanzturari amore ematen ez dion herritartasun batena dena. Iritzi desberdinak egon daitezke ekintza-bide hau, hauek, zuzenak eta onenak izan diren ala ez, greba izan zen ala beste erara ekintza-bide egokiena manifestazioak edo elkarretaratzeak. Iritzi guztiek izan ditzakete beraien zatitxoa. Baina dena dela, Palestina.