Duela ehun urtetik gorako argazkietan nekez ikusiko dugu zuhaitzik Arga bazterrean. Hiriburuko harresi guztiak garbi-garbiak ageri dira Arrotxapetik begira. Zuhaitzen ordez emakume lerro luzea, denak belauniko, eskuak errekan sartuta, maindireak igurtzi eta igurtzi, Arrotxapeko zubiaren ondoan, bai negu gorrian, bai uda mineko eguzki galdatan. Gaur egun, ordea, bertzela da, inguru zuhaiztu ederra baitugu errekaren alde banatan, udako bero ufada zakarren freskagarri.
Hain zuzen ere, emakume haiek udan itzala izan zezaten hasi zen Udala zuhaitzak landatzen. Izan ere, zuhaitzaren aldeko mugimendua ez da inola ere duela 40-50 urteko kontua, Ricardo Gurbindo Gil udal artxibozainak ederki erakutsi duen bezala, Lamiñarra argitaletxearekin plazaratu duen liburu jakingarrian: “La Fiesta y la Hermanda del Árbol”. Ingurumenaren gaineko kezka XIX. mendearen akaberan zabaltzen hasi zen Nafarroan eta garai hartan ere hasi ziren zuhaitzaren jaiak egiten; zehazki, 50 jai baino gehiago, Tuteratik Beraraino, baita Iruñean ere. Izan ere, XX. mendearen hasierako argazkietan, arras soilduak ageri dira, konparaziora, Ezkaba, Larragetako Harria (Ezkidi) edota Etxauriko mendatea (Larreaundi), eta kezka horrek bulkaturik ekin zioten.
Are, hiriburuan berean, halako elkarte bat eratu zen 1925ean, ingurumenaren aldeko mugimendua hobeki antolatzeko. Liburuan zehatz-mehatz azaltzen da nor ziren kide eta haien artean bazen gerra aitzineko mugimendu abertzale eta euskaltzalean buru-belarri aritutako jendea, hala nola Pablo Artxanko, Enrike Zubiri Manezaundi, Javier Ciga pintorea, Maria Paz de Ziganda, Aingeru Irigarai eta bertze. Hain zuzen, Manezaundik 1936an zuhaitzen onurez idatzitako pasarte bat dakar liburuak, hots, “Zuhaitza! Badea gauza ederragorik lur huntan? Bere edertasunak gure begiak loriatzen ditu; bihotza bozkariotzen…”.