Franco hil zeneko 50. urteurrena gogoratuko dugu asteon. Ospatu ere egin beharko dugu. Egunotan, nahikotxo izan dira Francorekin bizitako garaiak ahomingaineratu dituzten zutabegileak. Diktadorearen zigorpean iraunbiziarazitako herritarren xuxurlak iruditu zaizkit gehientsuenak. Kontatu daitekeena esatera, hitzak ondotxo neurtuta egitera ausartu direnak. Ultra eskuinaren haserrea berpizteko edo piztia tzarra esnatzeko beldur bagina bezala, oraindik ere.

Bestelakoa izan da, ostera, larunbat iluntzean San Mamesen bizitakoa. Munduari herri bat, nazio bat, garela esateko modua izan dela aipatu da han eta hemen. Munduko komunikabideek “Thank you Basque Country” zioen pankarta erakutsiko dutela. Sare sozialek gertakaria birakari bihurtuko dutela.

Munduari ezezik, gure herriari eta herritarrei ere nazio bat garela erakusteko leihoa izan da, ordea. Beste jende mota bat erakartzeko balio izan duena. Beste publiko batengana heltzekoa. Sekula ezertara mugitzen ez den jendarteari ere titular bat begi aurrean jartzekoa.

Ez dakit gaur Marca egunkariak, adibidez, zer ekarriko duen asteburuko futbol enkontruaz. Goiburu gisa zer jasoko duen. Gaur baloratu beharko. Baina argi dago, gurea, herri solidarioa izateaz gain, nazio bat garela adierazi eta aldarrikatu nahiak eta beharrak batzen duen herria dela. Duela ez asko, diktadurapean bizi izanak batu gintuen bezalaxe, eta askatasun egarriak, eta injustizia politikoa gainditu nahiak, eta hizkuntza propio berean pentsatzeak, eta gure herriaren aintzinateko oihu egiteko moduak elkar ulertzera eta babestera gidatu gintuen bezala, gaur, kirolerako kamiseta propioa izan nahi dugula adierazi nahiak batu gaitu; gaur, Palestinako herriarekiko elkartasuna erakutsi beharrak mugiarazi eta hunkitu gaitu.

Kamiseta izerditzen duenak, lana eta itxaropena ditu soineratzen. Kamiseta janzten duenak, indarra eta asmoa ditu txalotzen. Eta kamiseta trukatzen duenak, babesa du oparitzen eta elkartasuna partekatzen.

Kamiseta NOR da.