Aurreko astean, Tolosako udaletxean, hiru finantza entitate handik eta UEMAko 59 udalerrik hurrengo lau urteetarako hitzarmena sinatu zuten, UEMAko udaletako banketxeetan finantza zerbitzua euskaraz emango dela bermatzeko.
Ez da finantza entitateen eta UEMAren artean sinatzen den lehenbiziko hitzarmena eta finantza entitateak ere ez dira euskara sustatzeko planetan atzo hasitakoak. Ibilbide luzea egindako entitateak dira eta, aurreko asteko ekitaldian ere, euskal kulturaren eta bezeroen hizkuntza eskubideen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.
Finantza-etxeak pozik agertu ziren, aipatu hitzarmena sinatzeak, ordura arte egindako lanarekin jarraitzeko urrats bat gehiago ematea dakarrelako. Erronka handia delako UEMAko udalekin, hau da, herritarren gehiengoa euskaraz bizi den guneko administrazioekin, euskaraz aritzeko konpromisoa hartzea. Arnasguneetan zuzenean eragiteko aukera zabaltzen duelako. Baita ere, tankera honetako hitzarmenek finantza sektoreari erreferentzialtasuna aitortzen diotelako. Eta euskaraz bizi diren herrietako biztanleekin euskaraz aritzeko “ohitura” lantzea dutelako helburu.
Hau guztia azpimarratuta, finantza-etxeek eta 59 udalerrik hitzarmen berria sinatu zuten. Elkarrekin bidea egin duten seinale eta, aurrerantzean ere, bidea egiten jarraitu nahi dutela erakusten duen keinua gizarteratuz. Keinu hori, ostera, eskaera bat egiteko baliatu nahi nuke nik. Zeren eta erakundeek baliabideak jartzen dituzte: politikak zehaztu, irizpideak ezarri, jarraipena egin… Baina urratsak pertsonek ematen dituzte: kasu honetan, bulegoetako langileek eta bezeroek.
Pertsona horiei guztiei eskatu nahi nieke (langileei eta bezeroei), bada, erakundeen aurretik joan daitezela. Euskaraz bizi daitezela, besterik gabe. Eurak euskaraz bizi badira, erakundeek ere, euskaraz bizi beharko dutelako.
Komunikazio oro, biren arteko jokoa da. Sokatira bat. Eta soka tenkatuta eta bizirik egongo bada, argi dago bi aldeek egin behar dutela tira. Hortzak estututa, egin ere.