Urtero bezala aurten ere EITBk Maratoia deitzen dutena antolatu du. Aurreko urteetan gaixotasun bat edo beste izan da dirua biltzeko kanpainaren helburua. Badirudi zergak eta diru publikoa ez direla nahikoa ikerketarako, eta Gabonetan omen dugun espiritua aukera ona dela txapela pasatzeko, hau da, karitate bat egiteko (karitatea guk egin behar dugu, jakina). Aurtengo helburua ez da gaixotasun bat, “zahartze osasuntsua” baizik, horretarako, “Bizi bedi bizipoza!” leloa aukeratzearekin batera, azpimarratu dute “ondo bizitako bizialdi luze” baten alde egin nahi dela. Urtero bezala kanta bat proposatu dute aurtengo kanpainarako, Niko Etxarten “Euskal rock’n’roll” ospetsua hain zuzen (Maratoiak kanta ezagunak erailtzeko duen trebezia beste gai bat izango litzateke).

Ez dakit kasualitatea izango den (naif nago gaur), baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko aurkeztu zuen Herri Ekinaldi Legegilea bertan behera gelditzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia eta aurtengo Maratoiaren gaia urte berean izatea susmagarria da (naif baina ez ergel). Argi dago diru gutxirekin bizipoza ozpintzen dela, zahartzea ezin dela oso osasuntsua izan norbaitek batuketak eta kenketak egiten ematen badu eguna eta bizialdi luzea tortura bat izan daitekeela hilabetero konprobatzen denean pentsioa ez dela ezertarako iristen, menpekotasunak dakarren gastuaz ez hitz egiteko.

Maratoian zehar jendearen karitateari esker lortutako dirua Eusko Jaurlaritzako fundazio batera bideratuko da, Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundaziora, oso lan ona egingo duena, ez dut hori zalantzan jarriko, baina zera, ez al du aurrekontu nahikorik eta eskale ibili behar du?

Gaur egungo zahar asko “izan gira Euskal Herrin rock’n’rollin” eta prest gaude dantzan segitzeko gure kontura, diru apur batekin, hori bai. Infatilizazioa, modu “positiboan” mintzatzea eta gainerako hitz politak sobera daude, benetan. Eta karitateari ez deitu elkartasuna, mesedez: iraingarria da.