Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Nire medikua

Nire medikuaARTXIBOA

Nire medikuak, lehen arretakoak, ostiralean hartuko du erretiroa. Astelehen goizean egon nintzen berarekin, azken hitzordua, arazo arin bat (espero dezagun) nuelako. Penaz agurtu dut, eta pozik atsedena merezi duelako. Emakume ezin atseginagoa, ezin profesionalagoa, ez zuen etsitzen ematen zizkidan azalpen guztiak ulertzen nituela ziurtatu arte, beti irribarretsu, beti baikor (“ez da ezer izango, Rikardo”), askotan konplize (“niri gauza bera atera zait, begira”), zientziaren defendatzaile sutsua, botikak neurrian. Lau urte eman dut berarekin, auzo berrira eta, beraz, osasun-zentro berrira etorri nintzenetik.

Lehendabiziko hitzorduan nire aurreko medikuaz galdetu zidan (ezagutzen zuen, oso ona bera ere) eta nire osasun-ibilbidea berrikusi zuen arretaz, denbora hartuz; une batez pentsatzen hasi nintzen eguneroko lana atzeratzen ari nintzaiola, baina geroago konprobatu nuen paziente bakoitzarekin hartzen zuela beharrezko denbora. Nire izena ikasi zuen lehen egunetik. Behin kontsultaren zain nengoela adineko bikote batekin batera atera eta esan zidan aztoraturik: “Itxaron apur batean, Rikardo”. Itzuli zenean konturatu nintzen begiak gorrituta zituela: “Egun batzuk oso gogorrak dira hemen”.

Bai, ni ere hamar egun eman dut hitzordu baten zain. “Gainezka gaude” esaten zidan behin baino gehiagotan. “Lankide bat bajan dago, eta besteok hartu behar ditugu haren pazienteak, gainezka gaude”. “Eskatu oraintxe bertan hurrengo hitzordua, gainezka gaude”. Orain Gabonetan murriztuko dituzte osasun-zentro batzuen ordutegiak, Gabonetan gertatzen diren mirariei esker gutxiago gaixotzen omen gara egunotan. Gasteizko Osasun Publikoaren aldeko Herri Plataformak kalejira bat antolatu zuen asteartean protesta egiteko. Zeren nire mediku miresgarri hori Osasun Publikokoa baitzen, esan al dut?

María Jesús Salvatierra Martínez de Eulate da nire medikuaren, nire mediku ohiaren, izena. Badakit zer esango lukeen bere izena hemen paratu dudala jakingo balu: “Ai, Rikardo, eskerrik asko, baina ni ez naiz garrantzitsua hemen”. Eta barkatu, irakurleok, hain kontu pertsonala hona ekartzeagatik.