Harremanetan batzuetan obsesionatu egiten gara beste pertsonaren ezaugarriekin. Izugarrizko garrantzia ematen diogu bestearen izaerari, itxura fisikoari, dituen zaletasunei… norbaitekin egon hala ez erabaki behar dugunean. Zalantzarik gabe, harreman batek arrakasta izateko garrantzitsua da beste pertsonaren izaera gustatzea eta bat etortzea ahalik eta gauza gehienetan, baina askotan ahaztu egiten dugu norbaitekin ondo sentitzeko garrantzitsuena ez dela hainbeste nor den bestea, baizik eta nola sentiarazten gaituen. Berarekin egon ondoren, ondo ala gaizki sentitzen garen.
Harreman bat eraiki nahi dugunean, aurkitu nahi dugu norbait azkarra, dibertigarria, erakargarria... Gure gustukoa. Eta horrek guztiak eragin handia du erabakian eta baita erlazioak aurrera egiteko aukeretan, noski, baina ez du harreman baten arrakasta bermatzen. Baldintza guztiak betetzen dituen norbaitekin egon zaitezke, baina, berarekin egon ondoren gaizki sentitu edo asegabe, txiki sentiarazten zaituelako, adibidez, edo ez zaituelako lasai sentiarazten. Edo sentitzen duzulako berarekin ez zarela zu, beste bat izatera behartzen duzula zure burua.
Gehiago begiratu beharko genioke termometro horri, gustuen gainetik, sortarazten dizkiguten emozioak neurtzen duenari, norbaitekin egon ondoren barruan geratzen zaigun energia neurtzen duenari. Izan ere, pertsona batzuek bihotza bizkortu diezazukete, baina bizitza hondatu aldi berean; pertsona batzuek, zarata handirik egin gabe, behar duzun bakea eta euskarria eskaintzeko gai dira; pertsona batzuk, perfektuak izan gabe, beraiekin ondo sentiarazi zaitzakete. Zerbait aldatzen da “Pertsona hau nolakoa da?”, galdera egin beharrean, hasten garenean galdetzen “Nola sentitzen naiz haren ondoan?”. Azkenean bateragarri egingo gaituena edo zoriontsu, ez baitira bestearen ezaugarriak, baizik eta elkarrekin eraiki dezakegun esperientzia emozionala.