Gero eta handiagoa da Iruñerriko Ibai Parkea, Ultzama, Arga, Elortz eta Sadar erreken arrimuan. Irotz eta Sorauren aldetik Etxauriraino eta Galar zendeako Getzetik Landaben alderaino, hau da, Elortzek urak Argara isurtzen dituen lekuraino. Ibilgailuz eta etxez beteriko hirigunea gurutzatzeko natur bide atsegina da, tarte luzeetan zuhaiztua, arras egokia uda mineko bero zakarretik babesteko, larrazkeneko hosto kolore gorrikarak begiesteko, udaberriko izadiaren oparotasuna gozatzeko eta negu gorriko egun goibelenetan ere irria ezpainetan ibiltzeko.
Urte guztian, gainera, uraren murmurioa bidelagun; boladaka, burrunbatsu; boladaka, xuxurla ttikian. Hitz batez, beti da gozagarria ibai parkean ibiltzea. Argatik Elortzera doan bideak, konparaziora, Barañain aldera egiten du gora, gero berriz ere erreka bazterrera iristeko. Parez pare daude Barañain eta Zizur Nagusia eta, bien artean, haran bat, trenbidea, mendebaldeko ingurabidea, alorrak eta baratzak. Bai eta zakur puska ikaragarri handiak ere. Oharkabean iristen da Etxabakoitz, bidea Barañaingo erriparen eta Urdanotz etxe multzoaren artetik doala. Hortik aitzina iduri du aspaldian ez dela Udala ailegatu bazter horietara.
Zer erranik ez, ate eta leiho markorik gabeko eraikin handi txikitu bat jotzean. Dena hondakinez mukuru, zernahi: besaulkiak, arropa, etxetresnak, burdinak, denetariko tramankuluak, den-denak xehatuak, lehertuak, erreak…, gerra iduri. Horrelako hondakinen artean bizi dira dozenaka gazte. Udala, bitartean, epaileak erabakia noiz hartuko zain dago, eraikina eraisteko. Baina eraikina botatzearekin batera, aterpe duina eskaini beharko zaie pertsona horiei. Horrela ere, gazteei itxaropenik gabeko ataka hits horretatik ateratzen laguntzeko. Bertzenaz, bertze aukerarik ezean, sare makurren atzaparren biktima izanen dira.