Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Boterea

BotereaDPA

Zuk eta nik seguraski ez dugu jakingo inoiz zer den botere hori, munduan zenbait gizon zurik daukatena. Baina azken aldian botere horren adibide asko ikusten ari gara, oso modu pornografikoan, gainera. Epstein kasua, adibidez. Jasanezina egiten zaigu pentsatzea zenbait gizonen boterea zein mugagabea den, eta ezin dugu imajinatu ere zer den hori sentitzea: mundua zure esanetara dagoela, nahi duzun desioak gauzatu ditzakezula, pertsonak, bereziki emakume eta neskatilak, zure jostailu modura erabili ditzakezula… 90. hamarkadako gerran, Bosnia Herzegovinan gizakiekin safariak egiten zituztenen kasuak ere agertu dira egunotan egunkarietan Ezio Gavazzeni idazle eta kazetariak egindako salaketaren harira. Berriz ere gizon boteretsuak, munduarekin eta munduan bizi direnekin jolasteko eskubide osoa dutela sentitzen dutenak.

Adibideen artean, Julio Iglesiasena ere hor dago, XXI mendean gizakien esklabotza zilegi dela sinisten duten gizonen erakusle ezin hobea. Benetan sinisten dute emakume bat erasotu dezaketela, egiten dutena ez baita haientzat eraso, emakumeak euren zerbitzura daudelako, euren jabetza direlako. Euren boterea ere erakutsi nahi izan dute aste honetan X sare sozialeko buru den Elon Musk-ek eta Telegrameko buru den Pável Dúrov-ek ere, Espainiako presidente Pedro Sanchezi adi egoteko esanez, kontuz norekin sartzen zaren, eskolako patioko matoien antzera.

Ez zaie gustatu 16 urte beherakoei sare sozialak debekatzeko erabakia, askatasunaren kontrako neurria dela argudiatuz. Baina ze askatasunez ari diren, hor dago koxka, agian nerabeen buruak intoxikatzeko duten askatasunaz ari dira, ez behintzat nerabeek dependentziarik gabe bizitzeko izan beharko luketen askatasunaz edo eskubideaz. Boterea berriz ere, guztiaren gainetik. Eta boterea ez da bakarrik dirua irabaztea, baizik eta hiritarren nahiak, gustuak, jarrerak nahieran bideratu ditzakezula jakitea. Botere horren dependentzia dute. Zuk eta nik seguraski inoiz ezagutuko ez dugun botere madarikatu horrena.