Askatasunak ez du berdintasuna bermatzen, ez eta aukera berdintasuna bezalako oinarri demokratiko behinena ere.
Maite Pitrau Atharratzeko alkateari Berria egunkarian egindako elkarrizketa irakurri eta, zoritxarrez, déjà vu/connu sentsazioak harrapatu nau. Alkatetza uzten duela iragartzean, arrazoi nagusiak bi direla aipatu du: lan-karga handia eta kontseiluko gizonen gutxiespena. Eta gutxiespen hau zertan datzan azaltzeko aipatzen ditu, besteak beste, gizonezko kide batzuek aipagaiak gehiegi garatzen zituela esaten ziotela, hau da, hitza denbora gehiegiz hartzen ote zuen, edo emakumeek usteak eta irudipenak adierazten zituztela eta gizonezkoek baieztapenak, eta konturatu zela, zaunka gehien egiten zuenari entzuten zitzaiola.
Genero berdintasuna bermatzeko planen gabezia da aipatu elkarrizketan salatu nahi dena. Baina COVIDaren ondoren indibidualistagoak, zorrotzagoak eta talde kontzientzia gutxiago dugula ere aipatzen da. Eta egia da, COVIDaren ostean, askatasunaren izenean, hitza hartzen duten pertsona askoren aldetik, denbora, edukia eta bileren norabidea aldatzeko eta gidatzeko joera ere nagusitu dela. Ez da genero auzia bakarrik. Jardun demokratikoan oinarritutako erabaki guneetan, zaunka gehien egiten duenaren legea inposatzen dela baizik. Zaunka egiteak esan nahi du, ahotsa altxatzea, denboran luzatzea, hitza behin eta berriz hartzea, eztabaidarako aukerarik ez irekitzea edo azken puntua jarri gabe ez isiltzea. Ustez indartsuena dela ustez erakusten duenarentzako dela balizko garaikurra.
Aurrera ezagun batek esaten zidan praktika hau akigarria dela. Txakurrek ez diotela zaunka egiteari uzten. Inork ez dietela ahorik ixten. Eta gainontzeko guztiak erabiliak, manipulatuak eta intelektualki mespretxatuak sentitzen direla. Bizi dugun demokraziaren kalitatea, benetan, lohia dela.
Erabakiak hartu behar diren leku orotan, genero berdintasunaz gain, partehartzaile bakoitzaren ahotsaren pisua bermatuko duten aukera berdintasunerako jardunbideak landu behar dira, emaitzak ere demokratikoak izango badira. Bestela, zaunkariaren legea gailentzen da.