Síguenos en redes sociales:

Motozerra

Euskararen bilakaeran arras gauza onak izan dira aspaldidanik Iruñerriko Udaletan. Bertze batzuk, ordea, ez hain onak, baina azken horietarik bakar batek ere ez du zerikusirik Orkoienen gertatzen ari denarekin, PSNko alkate gaztea kargura iritsi zenetik.

Izan ere, atzerapausoa ikaragarria da; ez soilik euskarari dagokion alorrean. Zuk honelako edo horrelako jarrera izan dezakezu, zuk politika hau edo hura egin dezakezu, baina hori gauza bat da eta, bertzea, aldiz, politikaren ordez, motozerra esku artean hartu, piztu eta jira-biraka hasi, inguruan duzun guztia desegiteko asmoz, harik eta epaileek zenbaitetan aski erraten duten arte.

Ezaguna da baina oroitaraziko dugu euskara teknikarien artean inork ere ez duela joan nahi orain Orkoienera, udal barneko giroa ikusirik. Artetik errateko, Etxauriko Udalak zerbait erran beharko luke, euskara zerbitzua Orkoienekin mankomunatua duelako.

Orain, inauteetan gertatutakoa dugu albiste, bizilagun gazte-gazte batzuk irainka hasi baitziren hitzez eta ia eskuz ele bitako inauterietan euskaraz errandako pasarteen aurka, giroa ederki tenkaturik. Orkoiengo Udalak gaia aste honetan azterturik, gobernu taldeak bere egin du alkateak zabaldutako ohar hutsala, istilu eragileak garbi gaitzetsi gabe, erantzukizuna bertze batzuei leporatuta eta bizikidetzaren aldeko deia eginda.

Azken horrekin jende guztia da ados, baina, ea ikasbide gertatzen zaion alkateari berari. Bizkitartean, ez legoke gaizki Orkoienen bertan bizi den foru gobernuko lehendakariorde berriak bere begietako nini politikoarekin hitz egitea, udal gobernu taldeak egiazki bizikidetzaren alde egin dezan. Bertzenaz, nafar gobernuan bertan dauden edo kanpotik gobernuari babesa ematen dioten indarrek Remirez jauna bultzatu beharko lukete horretara, motozerrak bidea egin ez dezan.