Korrika Atharratzetik atera den egunean ari naiz idazten zutabe hau, Korrikako arduradunek Euskadi Irratian jakinarazi biharamunean, CCOO sindikatuak ez duela egingo aldez aurretik aurreikusita zuen kilometroa. Eta PSE-EEk jakinarazi ostean, “CCOOri jarri zaion betoagatik” ez duela parte hartuko.
Hamarkada luzetan egindako lan guztia uretara botatzea da AEKk hartutako erabakia. Euskararen mundutik gure gizarteko errealitate bat kanpoan uztea, bereiztea eta aparte nahi ditugula adieraztea, “apartheid soziala” deitu dutena, urtetan euskara aldentzen saiatu garen gerra politikoaren dianan jartzea da. Seguru nago, bai CCOO eta bai PSE-EE barruan ere, sindikatuak eta alderdiak hartu duen erabakiarekin bertako kide guztiak ez datozela bat.
Euskara onartu, maitatu eta erabili egin behar den hizkuntza da. Ez da gorde beharreko erlikia bat. Ez da kendu edo eman, saldu edo erosi, inposatu edo kontuan ez hartu egin daitekeen zerbait. Euskara, gure bizitzaren eta izaeraren ardatza da. Eta hala dela sentitzera heldu behar dugu Euskal Herrian bizi garen guztiok. Ez da batere onuragarria euskararen etsaien bila aritzea eta suntsitu behar den etsaiaren figura elikatzea. Ez da sanoa etsaiaren kontra aritu behar dugun ideia sustatzea. Herri gaixo baten seinale da azken hau. Baina ez da onargarria, ezta ere, PSE-EE-ren jarrera, Korrikan parte ez hartzea erabaki izana, gobernukide izanda. Eta tankera honetako erabakiak hartzen dira, gobernuaren baitan ez dagoelako argi gai honen inguruan marra gorria non dagoen. Euskara marra gorria da gure herrian. Eta argi beharko luke gobernuko kideen artean. Euskarak zubiak behar ditu, baina baita ere marra gorria non dagoen ondo markatzea. Euskara ez da negoziagarri, ez liskargai, ez alderdi ezberdinek beren onurarako erabili dezaketen txanpona. Ez epelkerietan galtzeko altxorra.
Zubiak eraikitzea da aurrera egiteko modu bakarra. Baina zubiak eraiki behar dira, aldi berean, marra gorria inork ez duela zapalduko ez gurutzatuko bermatuta. Partida honetan, marra gorria PSE-EEk markatu du eta hori, gobernu bezala, eta herri bezala, onartezina da.