Ilargia albiste da egunotan. Ez dakit Ilargiarenak Irango gerrari lekua kendu dion hedabideetan, baina susmoa dut turismoari buruzko berri ugari eta nekagarriei ez diela ezta segundo bat ere lapurtu. Ez dakit ere zer pentsatu Ilargiaren kontuaz. Entretenigarria da, bai, eta abentura zaharren antza du kontuak, egunero gauza berriren bat agertzen baita (dena neurtuta egongo da, jakina): Lur planetaren argazki bat dela edo satelitearena, astronauta bat bere burua garbitzen ari dela, komunean arazoak dituztela, Ilargiaren alde ezkutua dela. Dena da historikoa, apartekoa, berebizikoa (lehen emakumea, lehen afroamerikarra), eta zientzialariek azaltzen digute ia egunero zergatik den garrantzitsua Ilargirako bidaia berri hau.
Ados, baina, aldi berean, zalantzak agertzen zaizkit. Lehenik eta behin, diruarena. Bidaian gastatu dutena beste zerbaitetan gasta dezakete, ez dakit, osasun sisteman, adibidez, edo ingurumena zaintzeko, baina hori ere pentsamendu arras inozoa da: dirua estatubatuarra da, eta, beraz, errazago gastatuko lukete armagintzan planetan dauden gerrak ordaintzeko. Bigarrenik, ez da jendarte osoaren, mundu osoaren asmo aratz, garbi eta eskuzabala, Estatu Batuek ondo diseinatutako estrategia baizik, Txinari aurre egiteko; irakurri dudanez Txinak aspaldian bidali zuen tramankulutxo bat ilargiaren alde ezkutura eta ibilgailutxo bat du bertan hara-hona, Txinako banderarekin. Ez digute ezer esan, baina ikerketa zientifikoekin batera ikerketa militarrak egongo dira, ziur aski, edo ikerketa zientifikoak helburu militarretarako erabiliko dute, berdin dio.
Hirugarrenik, badirudi planetan ditugun miseriak ahantzi nahi ditugula, begiak Ilargian jarrita, eta betiko utopia lurtarren ordez (berdintasuna, planeta zaintzea eta abar) utopia teknologikoak (base bat eraiki ilargian Marte planeta kolonizatu ahal izateko) nahiago ditugula, gure giza izaeratik ihes egin nahi bagenu bezala.
Bidaia amaituko da (ondo, espero dut), eta hemen, Lur planetan, denak berdin segituko du. Edo okerrago, egoera ez da baikortasuna sustatzen duten horietakoa.