Ukaezina da txirrindulak aspalditik hona hartu duen indarra, bai errepidekoak, bai mendikoak, baita hirigunean ibiltzekoak ere. Zer erranik ez, bizikleta elektrikoak noranahi zabaldu direnez geroztik. Erro sakonak ditu gurean, Iruñeko lehen txirrindularitza elkartea 1887an sortu baitzen “Veloz Club Pamplonés” izenarekin, artean ere belozipedoak erabiltzen zirela. Handik hiru urtera, belodromo bat egin zuten Barañainen, Nafarroako ospitalea egun dagoen lurretan. Eta hara! Nor eta Arturo Campion izan zen zazpi urtez elkarte buru, 1896tik 1903era.
Egia errateko, nekez da irudikatzekoa On Arturo belozipedoek zuten gurpil handi-handiaren gainean. Bertzalde, XIX. mendearen akaberako hamarkadetan, urtero egiten ziren belozipedisten probak sanferminetan. Aspaldiko kontuak. Orain, bidegorri sareak ere hedatu dira, bai karriketan, bai Iruñerrian. Agintariek, ordea, ez dute beti asmatu bidegorriak egiteko orduan. Bertze zenbaitetan, berriz, bai. Gozamen ederra baita, konparaziora, Aingeruak euririk ez, baizik eta eguraldi eguzkitsua ekarri digun honetan, Arga bazterretik Etxauriraino lasai joan ahal izatea, autoen mehatxurik gabe. Jakina, bizikletak ere zenbaitetan mehatxu dira, bai mendigoizaleendako, bai hiriko oinezkoendako.
Bakoitzari berea. Zenbakiek ere txirrindularen indarra darakutsate. Izan ere, Iruñeko udal bizikleta zerbitzua duela bi hilabete bertan behera utzi zenean, ia 95.000 lagun zeuden izena emanik; haietariko 55.000 erabiltzaile aktiboak zirela. Hori dela eta, premiazkoa da eskari horri behar bezalako erantzuna ematea, Iruñerri guztirako antolatua. Etzidamu, onbidean, Iruñeko Udalak lehen urratsa eginen du Iruñerri osorako zerbitzua eratzeko, Mankomunitateak esku harturik, eskuindarrek bere garaian antolatutako zerbitzu hankamotz eta agortua hobetzeko eta eskualde osora zabaltzeko.