Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Olatuei begira

Olatuei begiraEUROPA PRESS

Belaunaldiarentzat soldata ez omen da lana aukeratzeko edo lanean jarraitzeko arrazoi nagusia. Hala diote lan-merkatuaren gainean egindako hainbat azterketek. Galdetutako gazteen % 41,7ak bakarrik uste du lanean gustura aritzeko arrazoi nagusia soldata dela. Txanponaren beste aldean aurkitzen dira malgutasuna, lan giroa eta bateratzeko aukerak izatea.

Urteak dira, jada, lan-elkarrizketetan, gazteek soldataz baino lehenago, lan-ordutegiaz edo telelanerako aukeraz galdetzen hasi zirela. Urteak, baita ere, barne promozioak eskaintzerakoan, gazteek ezezkoa eman eta ez zutela ordutegiaz kanpo lanean gelditu nahi entzuten hasi ginela.

Eta eskuak burura generamatzan: ez dakitela lana eta konpromisoa zer den, euren zilborresteari begira bizi direla, ea zertarako ikasi duten hainbeste, bestelako balio batzuk transmititu behar zaizkiela… Erreakzio hauek guztiak izan ditugu mahai-gainean, azken urteetako hainbat gosari-hitzalditan. Enpresen beharrei, enpresaren ohiko erpinetik begiratuta.

Oraindik lanean hasi ez den gazte batek, bere lehenbiziko lana eskaintzen diozunean eta uko egiten dionean, zerbait puskatzen da zure ohiko mundu ikuskeran. Galdetzen diozu zergatia eta gazteak, xalo-xalo esaten dizu, nahiago duela bila jarraitu baina libre, hile bukaerako fakturak doi ordaintzeko ematen dion lanbide batean esklabu baino.

Nahiago dut zain egon, esango dizu: aterako da zerbait. Eta olatuaren zain geldituko da gaztea. Guk trena behin pasatzen dela esan, eta hartu egingo genukeen. Gazteak, ordea, ez du edozein olatu hartu nahi. Badaki zain egoten.

Gaizki ulertua dago baita ere, jefe izatearen eta mugarik gabeko ordutegiaren menpe bizi beharraren ideiarekin ere. Gaur egun, jefe onenak, hain zuzen ere, bere lantaldea lanean gustura edukitzen dakitenak dira. Hauek erakutsia eman behar dute, ordea, lanak ondo delegatu eta lantegitik orduan ateratzen badakitela. Noraino garamatzan ez dakigun trenetik jaitsi eta olatuei begira jartzea ederra da. Benetan zaila dena, behin eta berriro errepikatzen diren olatuen artean aukera egitea da.