Apirilean adina euri bota zuen atzo Iruñean. Beharrik, idor-idorra eta bero-beroa izan baita hemen euritsuenetakoa izan ohi den hilabetea. Hain beroa, non, maiatza hasi gabe ere, garia ederki burutua baitzegoen hiriburu inguruko galsoroetan. Harrapazank. Egarritzen hasiak ziren mendi bazterrak, alorrak, baratzak, lorategiak eta berdeguneak. Orain, ordea, ederki haziko da, konparaziora, apirilean erein eta ernamuindu berria den ekilorea eta, okerrik ezean, sekulako gari uzta espero da enegarrenez Iruñerrian. Bertzalde, atzo eguerdiko erauntsiek ederki barreiatu zituzten hiria hartua zuten turista saldoak, etengabea baitzen jende erromeria San Domingoko aldapan goiti eta beheiti, ohi denez.

Hain zuzen ere, euri-jasa handia denean, Gaztelu plazatik eta udaletxe aldetik behera datozen urek halako ur-jauzi ikusgarria sortzen dute harresietatik Argara, atzokoan gertatu bezala. Harresipetik haratago, Arantzadiko lurrak, beti bezain eder. Erdialdean, alimaleko belardian belar mardul-mardula, ederki hazita, sekulan bazkan aritzera iritsiko ez diren ardien paradisua. Artalde handi batek egunak eta egunak beharko lituzke dena jateko. Gainerakoan, ibaiak marrazten duen meandroaren azken zatitik hurbil, bizilagunen baratzeak, Udalak errentan utziak. Eta ondoan, Landare elkartea neguaz geroztik lantzen ari den lursail zabalak, Iruñerriko bere dendak 0 km-ko barazki ekologikoz hornitzeko. Etxe Zuria izenekoaren lurretan ari dira. Etxe Zuria izena, lehenago, arku batean zegoen zizelkatua. Orain, Udalak bazterrak moldatzeko egindako lanen ondorioz, arkuak bere horretan dirau. Ez, ordea, etxearen izenak. Handik ez urruti ere, desagertua da Arraizatarrena izandako eta orain udal jabetzakoa den etxearen izena: Aitaren Txoko. Baten batek erran beharko dio Udalari euskal izen bakoitzak bere izana duela.