Ez gaude ohituta EH-Bildu eta Geroa Bai ikustera UPNren ekimenei bidea ematen, baina horixe gertatu zen joan den astean Nafarroako Parlamentuko Mahaian, erregionalisten azken lege proposamena aintzat hartu ala ez eztabaidagai zegoelarik. PSNko eta Zurekin-eko ohiko bazkideekin batera bozkatu beharrean, eskuinarekin bat egin zuten indar abertzaleek. Geroztik ez da giro Chiviteren gobernua sostengatzen duten alderdien artean. Etzi, gainera, ika-mika berpiztu daiteke, parlamentariek esku artean darabilteneandesadostasuna piztu duen testuaren mamia.
“Igazko kabiak hutsik, ez da aurten txoririk”, dio esaera zaharrak. Jaiotze tasaren beherakada nabarmenak bere ondorioak utzi ditu, berriz ere, ikasle berrien aurrematrikulazioan. Halaxe, sare guztietan eta hizkuntza eredu guztietan. Euskarazkoetan ere bai. Aurtengo datuak argudiaturik, Gimenok zuzentzen duen Hezkuntza Departamentua prest zegoen 30 ikasgela baino gehiago ixteko, ikastetxe publiko nahiz itunduetan.
Kontrako erantzun zabalak beharturik erabaki zuen sare publikoa bere horretan uztea eta itxierak kontzertatuetara mugatzea: 14 ikasgela gutiago, osotara, 7 ikastetxe erljiosoetakoaketa bertze 7 ikastoletakoak. Hain zuzen ere, hori galarazteko aurkeztu du UPNk bere lege proposamena. Ikastola-zaletasuna ez da inoiz izan Esparzaren eta Ibarrolaren alderdiaren ezaugarria; izatekotan, kontrara.
Apezen eta mojen eskuetan dauden ikasgelen etorkizuna segurtatzearren prest daude, hala ere, ikastoletako gelei eusteko. Bada, pragmatismo dosi berak bulkaturik izanen da, baina alderantzizko arrazoiengatik, alderdi abertzaleek, azkenean, UPNren proposamenaren aldeko botoa ematen badute, etzi Nafarroako Parlamentuan legegaiaren testua eztabaidatzen denean. Harako Paris hark bezala, merezi dute ikastolek meza bat, sobera ere.