Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Flotilla Bilbon

Flotilla BilbonH.Bilbao / Europa Press

Asteazkenean hau irakurtzen ari zaretenok badakizue zer esan zuen asteartean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun SailburuakLegebiltzarreanBilboko aireportuan gertatutakoaz. Nik ez, astelehenean ari bainaiz hau idazten (zutabegintzak honelako xelebrekeriak ditu), beraz, itxaroten dudanari buruz idatz dezaket ozta-ozta, eta, egia esan, ez dut gauza handirik espero. Itxaropena kontrolpean edukitzeak desengainu asko aurrezteko modua da azken buruan.

Itxaropenak, baina, ameslaria izateko ohitura tematia du, eta ametsak bridatzea zaila da. Zein da, orduan, buruan dabilkidan ametsa? Segurtasun Sailburuak iragarriko duela atxilotuei leporatzen dizkioten karguak bertan behera lagako dituztela. Gehiegi eskatzea da hori?

Badira kontu sakonagoak, jakina: nolatan iritsi zen ErtzaintzaFlotillakoak hain inpentsan eta ankerki jipoitzera, nor hasi zen bultzaka (baina den-dena ikusi dugu), zer-nolako aginduak zituen Ertzaintzak, nor zegoen agintean; eta are sakonagoak: zein den Ertzaintza gidatzen duen polizia-eredua, adibidez, edo zertan dautzan ErtzaintzakIsraelgo zenbait enpresekin duten harremanak. Pradales lehendakariak ertzainen promozio berriari etikaz eta erantzukizunaz hitz egin zion egun batzuk lehenago: halabeharra krudela da.

Askotan, Bilbon eta hainbat lekutan, ikusi dugu Gazako blokeatzea gainditu nahi duten flotilla-kideen etorrera (Israelek bahitu eta askatu ondoren), eta guztiok dakigu zer gertatzen den (Ertzaintzak ez?): flotilla-kideak ateratzen dira, hedabideak, lagunak eta senitartekoak zain daude, kamerak daude (kamerak daude!), adierazpenak eta elkarrizketak, besarkadak, Palestinako banderak, elkartasun-oihuak. Iruditzen zaio norbaiti hori guztia arriskutsua dela? Munduan zehar zabaldu dira bideoak, eta orain Euskadi-Basque Countryk eman duen irudiaz kezkatuta daude gure agintariak Israelek barre-algaraka bere burua zuritzen duen bitartean.

Beste zera bat espero dut: Sailburu jauna, ez atera, mesedez, flotillakoak ateak oztopatzen ari zirelako aitzakia. Baldarregia da.