Gaur, hilak 4, egun berezia da euskal kulturarentzat, euskal literaturarentzat eta Bilboko euskaldunontzat. Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen Irakurketa Jarraitua antolatzen du urtero, eta gure euskal literaturaren barruan mugarritzat hartzen den lan bat modu berezi batean omentzen du. Baina nola burutzen da omenaldi hori? Bada, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 14:00etara, Bilboko Arriaga Antzokiko foyerrean, garrantzizko autore euskaldun baten obra bat etenik gabe irakurriz.
Aurten Jose Luis Alvarez Enparantzak (Txillardegi) 1957 urtean plazaratu zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberria ahots ozenez irakurtzen arituko da hainbat lagun (une honetan seguruenik ere).
Ekimen honek ere beste eginkizun edota arrazoi bat gordetzen du, izan ere, euskaltegiak urtero antolatzen du programa hau eskoletako ikasleak zoriontzeko eta euren ahalegina saritzeko. Pozgarria da ikustea euskaltegiko makina bat ikasle euskarazko testuak behar bezala irakurtzeko ahaleginetan, euskara eta euskal literatura haizatzeko prest. Euskararen munduan barneratzen diren horiek aitorpen guztia merezi dute ikasteko nahi sendoa erakusten dutelako, eta nolabait, euskararentzat ezinbestekoak direlako.
Bilbo Zaharra euskaltegia urteetan aritu da irakurketa hau sustatzen, eta horri esker, euskaltzale asko biltzen gara urtero bertako oholtza txikian munta handiko idazleen testuak leitzeko eta zabaltzeko grinaz. Bernardo Atxagaren Obabakoak, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca edo Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Jon Miranderen Haur besoetakoa edo Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak lan ederretako lerroak dantzan ibili dira irakurle anonimo askoren ahotan. Hain zuzen ere, Joseba Sarrionandia idazleak Txillardegiren liburuko lehen lerroak irakurri(ko) ditu ekimen horretan.
Hortik pasatzen bazarete, sartu, eta Txillardegiren testua entzun, edota kanpoaldean jarri den telebistari adi egon, agian datorren urtean, zuetako bat irakurle ibiliko da bertan. Auskalo!