Zenbat su piztu dituen Bad Bunnyren etxetxoak. Era askotakoak. Batzuk erotiko-sexualak eta beste batzuk kritikoak. VIP batzuek eta ikusleen artetik aukeratutako neska normatiboki ederrek osatzen dute bere kontzertuetako erdigunean jartzen duen etxetxoa. Eta hor egoten dira dantzan, eskaparatean, munduari esanez: ni hemen nago eta zu ez. Kritika ugari piztu ditu aukeraketa klasista-sexista honek. Esan da ez dagoela bertan itxusia, lodia edota adin batetik aurrerakoa den emakumerik, emakumeak objektu bihurtzen dituela, klasista dela, eta abar. Baina, bitan pentsatuta, Bad Bunnyk bere kontzertuetarako asmatu duen etxetxo hau ez da gure munduaren ordenutik kanpo dagoen ezer. Aldiz, gure munduan nagusi diren indarren errepresentazio ezin hobea bihurtu da. Adibidez, ezin hobeto erakusten du kapitalismoak zelan jaten eta bereganatzen duen dena, izan ere, hasiera batean etxetxo horrek beste esanahi bat zuen, Puerto Ricoko etxe eta identitatearen aldarrikapena, hain zuen ere.

Baina gaur klasismo, kapitalismo eta matxismoaren erakusle bihurtu da. Klasismoa: herria kanpoan dantzan eta aukeratuak (dirudunak, neska sexyak…) erdigunean, espazio pribatu batean. Kapitalismoa: etxea erosi ezinean dauden gazteei erakusten zaie etxe fiktizio bat, aspirazio-ezinezko bat, kapitalismoak existitzeko beharrekoa duen etengabeko asegabetasuna indartzen duena. Matxismoa: etxetxoan agertzen diren emakumeak ondo ikasia dute ematen zaien balioa euren kapital sexualaren araberakoa dela. Ba guzti hau ez da Bad Bunnyk asmatu duen mundu bat. Hau gure mundua da, gure gizartean nagusi diren indarren erretratu bat. Etxetxo honekin eskandalizatzen baldin bagara, egunero ikusten ditugun gauza askorekin eskandalizatu beharko ginateke baita ere. Niri ere ez zait batere gustatzen etxetxoa, baina onartzen dut Bad Bunnyk ez duela asmatu etxetxoak sinbolizatzen duena. Arazoa egiturazkoagoa eta erraldoiagoa da.