Síguenos en redes sociales:

Haur errugabeak

Haur errugabeakEFE

Joan den astean, ekainaren 4an, Erasoen Biktima diren Haur Errugabeen Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu osoan, horien sufrikario eta drama jasanezinaz jabeturik baitago mundu osoa, eta batez ere, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, entitate horrek ezarri baitzuen kontzientziazio-egun hori haur palestinar eta libanoar errugabeek pairatzen duten zorigaitza azaleratzeko. Hain zuzen ere, egun hori bazter guztietako gatazkek eragindako haurren sufrimenduari buruzko kontzientzia sortzeko, eta jasaten dituzten abusu fisiko, mental eta emozionalei buruz sentsibilizatzeko da. Haien eskubideak babesteko konpromisoa berresteko sortu zen. 

Gaur egun gerra-testuinguru dezente ditugu begien aurrean, baina bereziki mingarriak izaten direnak gatazka espezifiko eta luze batzuk dira. Tartean dugu Palestinako egoera grutesko eta izugarria, konponbiderako premia larrian dabilena, bertako ankerkeriek ez baitute mugarik. 

Aldarrikapen-egunak sortu arren, herrialdeetako mandatariek ahalegin gutxi egiten dute aipaturiko egun horretan adingabeen eskubideak, ongizatea eta babesa sustatzeko, eta hala, eskura izaten ditugu oraindik eguneroko dramaren irudiak. 

Duela egun batzuk, Netanyahu Israelgo lehen ministro genozidak Beirut bonbardatzeko agindu zuen inolako urrikalmenik gabe, Libanok eta Israelek menia adostu zuten arren. Gerran indartsuenen keinuak ere badaki egiten Israel herrialde kriminalak, eta hala, aurreko egunetan ikusi ahal izan genuen nola sinbolismoz beteriko Beuafort gaztelua mendean hartu zuten Israelgo tropek.

Alde horretako bizilagunak, tai gabeko lintxamendua pairatzen dutenak, kaltetuenak izaten dira, albo kalteak jasotzeko imanak baitira beti. Baina lehen ministro horri bost axola zaio bere mugetatik kanpo bizi direnen bizitza, umeak, emakumeak edota aitona-amona zaurgarri eta desesperatuak badira ere. Giza-errespeturik ez du, esperpentoa du gustuko, eta ez ditu egun bereziak ospatzen. 

Akaso, ez dago itxaropenik Palestinarentzat? Ez eta bertako ume erasotu errukigabeentzat ere?