A ze beroa! Ez nuen uste euskararen pizkundeak halako izerdirik eskatuko zigunik inoiz. Izan genuen merezimendu lehengo larunbatean Iruñeko karrikak urtu beharrean urratu genituenok, Euskalgintzaren Kontseiluak deituriko martxan. Adinaren ajea izanen da; Iruñeko bazter ezberdinetatik abiaturiko hiru zutabe horiek garai zaharragoko ibilaldien akordua ekarri zidaten gogora. Aro berrietara nola egokitu ezin asmatuz gabiltzan honetan, metafora kiskalgarria bizi izan genuen bertatik bertara: euskaltzaleok itzal eske.
Gazteluko plazan ez baitzen denendako gerizaperik. Penagarria izan zen jende gehiago bildu ez izana, baina, neurri batean, eskertzekoa ere bai. Izan gaitezen positiboak, lipotimiak eta eguzki-kolpeak ikusiko genituzkeen plaza beteagoa izatera. Eta ez gaude jendea galtzeko maneran. Izan ere, alde guztietatik eguzki errea iragarri bazitzaigun ere, txapel guzti ikusten zen parte-hartzaileen buru gainean. Ez dadila izan datorrenari aitzintzeko ahalmena kamusten ari zaigun seinalea.
Kontuak kontu, Kontseiluak atzo urrats garrantzitsutzat jo zuen larunbatekoa pizkundea eragiteko bidean. Mobilizazio gehiago iragarri ditu, orobat, hurrengo udazkenerako. Azaroan, Baionan. Abenduan, berriz ere Iruñean. Ez ahal gaitu hotzak akabatuko. Euskaltzaletasun instituzionalak bertzelako bideak nahiago: Jaurlaritzak 2027ko urrian eginen du euskara suspertzeko kongresua. Ohartu zarete? Euskalduntasun modernoaren bi arimak bakoitzaren tradizio politikoari fidel ari zaizkio buru ematen larrialdi linguistiko edo dena delako ataka honi. Bakoitzak bere ohiko errezetak. Ez dira bateraezinak. Adituak eta kalea, bietarik ere beharko dugu. Zerbait gehiago ere bai, ordea. Lehenago ere izan ditugu adituak, lehenago ere higatu ditugu kaleak.