Beroa guztion ahotan izan da egun hauetan. Tenperatura altuek mugitzeko, pentsatzeko eta lo egiteko dugun ahalmena murriztu dute. Ez dago kontzentraziorik, ezta hitz egiteko gogorik termometroek 40 gradutara gaudela erakusten dizutenean. Baina, bero kolpe baten eraginez edo, gure barneko beroaz pentsarazi dit egoera honek. Konturatu naiz beti erlazionatu ditudala pertsona batzuen zenbait ahalmen edo ezaugarri euren barnean gordetzen duten beroarekin.

Adibidez, munduari jakinminez begiratzen dion pertsona bat bero irudikatzen dut barrutik, buruan dituen galdera guztiak txinpartak bezala imajina ditzaket han barruan suteak eragiten; edo pertsona bat maitekor agertzen denean, adeitsu, haren eskuen berotasuna sentitu dezaket hauek ukitu gabe ere; pertsona ausarten arnasa ere beroa irudikatzen dut, ameslarien burmuina bezala, beti baitago han ideia edo asmo bat su txikian prestatzen; eta zer esan sorkuntzan dabilen jendeaz, musikariak, idazleak, zinemagileak, margolariak…. euren barne-kabietan berorik ez balego, ezinezkoa lukete ezer sortzea. Egia da beroaldia hitza zentzu ezkorrean erabiltzen dela askotan: Beroaldian esandako hitzak, adibidez, kontuan hartu behar ez direnak izaten dira; edo beroaldia izan daiteke norbaiti emandako astinaldi edo jipoia (“sekulako beroaldia hartu zuen”)… baina, hala ere, niretzat beroa beti dago ezaugarri baikorrekin erlazionatuta eta pertsona askoren barne-beroa sentitzeko kapaz sentitzen naizen bezala, sentitzen dut baita batzuen barne hotza ere.

Eta sumatzen dut barruan daramaten lurralde hotz hori ez dela batere emankorra: mundua excell baten kabitu daitekeela pentsatzen dutenak, euren ongizateak besteen ongizatearekin zerikusia ez duela pentsatzen dutenak, besteen mina, mina baino gehiago batez ere besteena dela sentitzen dutenak… horiek guztiak izoztuta daude barrutik. Eta nahiz eta egun hauetan izotzarekin amets egin dugun denok, hala ere, arima izoztuaren ordez, nahiago nik barne-bero emankorra eta bertan urtu.