Joan den astean Venezuelan izandako lurrikaren ondorioz hildakoen kopuruak gora egiten du egunetik egunera. Handik heltzen zaizkigun irudiak izugarriak dira. Bilboko Metroko bagoietan bidaiari hipnotizatuei burua makurrarazten dien puntako teknologiadun telefono bera erabiltzen du mundu bazterreko pertsona orok, eta mobil horrekin Venezuelan ateratako bideoak gure begien aurrera heltzen dira inolako filtrorik gabe. Herrialde horretako iparraldeko La Guaira estatuan jo zuen bortizki lurrikarak. Handik laborrizko irudiak heldu dira, suntsituriko etxeen hondakinen artean harrapaturik, hatsari eutsi dioten biziraule askok lortutakoak. Ehunka irudi daude, batzuetan lagunak mugitu ezinik daude eraikuntzaren eskeletoaren artean preso, bestetan zulo baten tamainako bizitoki bat izan zitekeen horretan bizitzari heldu diote eta salbamenduaren zain daude. Zain, hauts artean arnasa hartzen.

Trajedia humano larriak dira gero eta ohikoagoak diren lurrikarek sortzen dituztenak. Pazifikoko herrialdeetan eta Hego Ameriketako herrialdeetan hagitzen dira sarritan.

Hemen bestelako trajediak ditugu. Trajedia linguistikoak. Aurten (bizitza osoko kontua) euskarari zero bat eman nahi diote, eta baliogabetu, ahuldu, mendratu eta zigortu. Euskararen kontrako oldarraldi judizialak, enplegu publikorako hizkuntza-eskakizunen kontra bere engranajeak jo eta su mugitzen dituenak, orain beste salto bat eman du eta hizkuntzara ere pasatu da. Euskara eta Literatura azterketetan hutsaren hurrengoa atera eta emaitza errekurritu duten ikasleen notak ez dira aintzat hartuko Unibertsitatera sartu orduko. Flipa! Atzo gazte euskaldun bati entzun nion esanez: gaztelania nire ama hizkuntza ez denez, kontuan hartuko dute orduan nire nota txarra bada, ezta? Horixe da. Zergatik euskaren nota alboratu ahal da, eta ez beste edozein ikasgairena? Baliorik ez badu zertarako gai horren inguruko azterketa egin? Ikasketa batzuk burutzeko baliorik ez badu, zergatik izango du balioa administrazioan lan egiteko?

Betiko legez, justiziaren injustizia euskararen kontra.