Selektibitateko euskarazko froganzero emaitza jaso dute hainbat ikaslek, baina agian notizia ez dago hainbeste haien emaitzetan eta gehiago gizarteak euskarari ematen dion nota edo kalifikazioan. Azterketa egin duten ikasleen modura, euskarak ere bere etorkizuna du jokoan, hil hala biziko egoera batean dago, eta egunero jasotzen ditu zeroak, ez selektibitate garaian bakarrik. Eta hori ikusteko nahikoa da kalean, lan eremuan, zerbitzuetan edo komunikabideetan gertatzen dena ikustea.
Euskarak zero jasotzen du batxilergoaren amaieran ikasle guztiek, eredu guztietakoek, euskaraz moldatzeko gai izan behar dutela ezartzen duen araua ez denean inolaz ere betetzen;zero jasotzen du A ereduak ez duela euskalduntzen denok jakin arren, ezikusiarena egiten denean hamarkadetan, eta erregea biluzik dagoela esateak beldurra eragiten duenean; euskarak zero jasotzen du Euskal Herriko liburu denda bateko erakusleihoan euskarazko liburu bakar bat ere ez duzunean aurkitzen; zero jartzen diogu euskarari euskaraz gazteleraz baino askoz hobeto aritzen den pilotari bat gazteleraz zailtasunez hitz egitera behartuta ikusten dugunean gure telebista publikoan; zero jasotzen du euskarak euskaldun berriari beti gazteleraz egiten diogunean, gure begietara euskaldun berri baino gehiago, euskaldun erdi dela sentiaraziz; zero jasotzen du euskarak beti denean itzulpena eta ez orijinala; zero jartzen diogu euskarari ezin dugunean medikuarekin euskaraz egin; zero, gure lehen hitza euskaraz ez denean…
Zeroak ikasleenak dira, bai, baina batez ere sistemarenak. Hizkuntzari ematen zaion balioa dago guztiaren azpian. Euskarari oraindik ez zaio merezi duen balio ematen. Ikasketetan “maria” bat da; elkarrizketetan, batzuen kapritxo bat da; eta legeen eremuan erdaldunak diskriminatzeko tresna bat da askorentzat. Euskara zeroak jasotzen ohituta dago, baina honek, antza, ez du sortarazten hainbesteko zalapartarik.