Despotismo ilustratua
Udal baten zeregin nagusiak izan beharko luke bere herritarrak ongi gobernatu eta patxadaz kudeatzen laguntzea. Iruñeko kasuan, aspaldi honetan ikusten ari gara nola UPNren gobernua, PSNren lagun-tza estimagarriarekin, ari den oztopoak eta oztopoak jartzen, auzoetako jaiak gara ez daitezen normaltasunez. Hasiera batean, alkate andreak eta bere taldekoek, auzoei diru-laguntzak kendu zizkieten, eta, orain edozein aitzakia eta gezur erabiltzen dute auzo batzuetako jaien martxa normaltasunez eta modu egokian gerta ez dadin.
Txantrea auzoko jaien kasuan, hainbat eta hainbat anormaltasun gertatu dira UPNren gobernuak sustatu eta bultzaturik, konparaziora, auzokide batzuen kexak eginak zirela esatea zarata zela eta, baina gero alkate andreari oposizioko zinegotziek txostenak eskatu dizkiotenean, oso tipikoa den bezala, ezkutatu egin ditu; 20.000 litro ur edangarri botatzea goizeko 09:00etan, bazkari zelaia honda-tzeko -ekologiaren nahiko aurkakoa den zerbait-; udaltzain asko bidaltzea bertara auzotarrak kikiltzeko; Jai Batzordeari lepora-tzea egiten duen guztia egiten duela ETA erakunde armatuaren terrorismoa bultzatzeko; eta, azkenik, mozio lotsagarri bat onartzea, hau ere PSNren laguntza konplizearekin, Jai Batzordeko zenbait pertsona gogorki zigortzeko asmo maltzur, zital eta doilorrarekin.
Ikusten ari garen bezala, udal demokratiko batek egin beharko lukeena baino zehazki eta zeharo alderantzizkoa, hau da, dena herriarengatik, herriarekin eta herriarentzat egin beharrean, UPNren gobernuak egiten duena da, dena herriarengatik eta herriarentzat, baina herririk gabe, eta horri norbaitek aspaldian jarri zion bere izena, alegia, despotismo ilustratua.
Bukatzeko, nik esanen nuke, Iruñeko oraingo udal gobernu bezalako bat guztiz soberan dagoela gure hirian. Nafarroa Garaiko hiriburuan behar dena da, askoz ere demokratikoagoa den udal gobernu bat, bere auzoetako jaien kasuan, festa demokratiko, herrikoi, zabal eta parte-hartzaileak egiten eta garatzen laguntzen duena, eta inola ere ez antidemokratikoa, zikina, zapaltzailea, gezurtia, errepresiboa eta mendekatia; ea noiz lortzen dugun.