Erranen nuke nik, azken hauteskundeen emaitzak ikusirik, dadoak botata daudela espainiar gobernuari dagokionez. Tarte bat gelditzen da, bai horixe, itxurakeria jokoetan ibiltzeko datozen hauteskunde autonomikoetara arte, baina aurreikusgarri deritzot irtenbideari, nola eta nortzuekin hasi den hitz egiten PSOE. Hor nonbait heldu zitzaidan New York Timesen agerturiko artikulu bat, non aipatzen zen, hauteskundeak egitear zeudela, hiru gazte umemokoren artean zegoela jokoa, Rivera, Casado eta Sanchez artean alegia: gazte adinean hiruak, umemoko hiruak ere eskarmentu politikoari dagokionez (jovenzuelos sin experiencia zioen gaztelaniazko bertsioak). Hauteskunde osteko lehen urratsek diagnosi hura egiazta-tzen dutela dirudi.

Sanchezen elkarrizketak estatu eremuko alderdiekin bakarrik izan dira, autonomia eremuko alderdi guztiak bazterturik. Gauzak aldatzeko Sanchezen promesak gorabehera, deus ere ez berririk bizi-bizi dagoen Kataluniako auziari buruz. Podemosen jarrera, bai gobernantzari bai Kataluniari dagokienez, ez da sartzen Sanchezen agendan. Konstituzioko 155. artikuluaren aplikazioa indargabetzetik harago, mugimendu batere ez katalan auzia tribunaletatik atera eta haren izaera politikoa onartze aldera. Buruz idazten ari naiz, baina ez ote zen PSOEko buruargi bat ‘preso politiko’ eta ‘politikari preso’ kontzeptuen arteko bereizketa bitxia egin zuena? Urrats batere ez, bada, Sanchezen aldetik bitxikeria horretatik ateratzeko. Espainiartasun zaharminduan ez diote gainak hartuko ez Casadok ez Riverak, falta zena! Erkidego autonomikoei egiteke dauden transferentzietan luzamendua eskatu du Riverak, baina de facto dago indarrean, Sanchezek berak jarririk.

2019ko aurrekontuen onarpena lortu ez izanagatik aurreratu omen zituen Sanchezek hauteskundeak, baina horrengatik bakarrik ote? Olatuaren gainean zegoen PSOE eta uste zuen aukera handiak izanen zituela gobernua baldintza hobeagoetan lor-tzeko, eta horrela gertatu da. Berdin aterako ote zaio 2020an ere berriro 2018ko aurrekontuekin moldatu behar izaten badu? Bera bakarrik gobernuan, unean uneko eta arloan arloko akordio desberdinak lortzen bertze indar politikoekin, aise susma daiteke ezetz, ez duela lortuko aurrekontuetan. Horren esperoan izanen ditu Casado eta Rivera. Lau urte iraunen ote dio Sanchezi legegintzaldiak?

Ez dut gustukoa augur batena egitea, baina ez da berdin hauteskundeen emaitzak iragartzea eta politikarien portaerak. Askoz aurreikusgarriagoak dira berauek. Areago gazte umemokoen arteko jokoetan.