Badira, egunero-egunero, euskararen alde lanean ari direnak, zorionez. Urtea etorri eta urtea joan, hor ditugu beti lan eta lan. Eta horietakoa dugu Fernando Maiora Mendia, Artaxoako ikertzaile fina. Artxiboetan, batez ere Nafarroako Errege Artxibo Nagusian ikusiko dugu, egunero-egunero, ia hutsik egin gabe, bertan diren prozesuak arakatzen, nondik bilduko euskarazko testuren bat, euskaren inguruko berriren bat?

2004. urtean hasi zitzaigun “Euskera en Artajona-Artaxonan euskaraz” deitu liburuarekin. Geroztik, bi urteren buruan “Lo autoctono en Artajona-Artaxonako hitzak eta lurrizenak”

Eta ondoren urtero-urtero, bere azterketen emaitzekin, eskaintzen digu liburu bat.

Azkenekoa, gainerakoak bezalatsu, arras interesgarria: “Euskera, lengua inteligible” causas del retroceso. injurias, coplas?

Bi zati desberdinekin osatu du liburua, lehena Causas del Retroceso deritzana, zeinetan artxiboak arakatuz ikusi duen zergatik egin duen atzera euskarak. Eta bigarrena, euskal esaldi, hitz eta abar biltzen dituena.

Bigarrenari lotuz, zenbait testu luze xamarrez at, gehienak motzak dira, esaldi bakarrekoak edo gehienez ere jota hiru-laukoak. Eta gehientsuenak, XVI mendeko izkribuetatik ateratakoak dira. Bigarren zati hau da handiena, alegia, 75. orritik, 148.era harrapatzen baitu, liburuak 186 orrialde dituelarik.

Aditz trinko franko badator (bakarren bat bildu gabekoa?) aditz laguntzaileko flexio franko, berriz, lapurterra klasikokoak diruditenak eta, zer esan, UKAN irakurtzean Antsoainen 1653an?

Hitzak ere badatoz, hitzetik hortzera, andur hitza, Azkuek Bizkaikoa dela dioena. Edo Ozar, Arakilen bertan idatzia edo. Nonbait, euskara batuago bat izan zen garaiak izan ziren.

Eta eze, ezi, partikulak han eta hemen. Ez da bada, erderetatik hartutakoa zenbaitzuen ustez? Hala balitz, Leizarraga baino lehenago ageri dira Nafarroako hainbat iskribauen idatzietan. Usu, oso usu.

Eta, beharbada izanen du azalpen logikoa, baina “Donostiako hiru damatxo” kantua 1566. urtean azaltzean, harritu nau izugarri. “Donostiaco Yru damacho e Renteria dendari ostenere vada qui te baña”, horrela ageri da.

Aipatutakoez gain, beste gauza bitxi eta are, harrigarri ere, irakurtzeko aukera paregabea eman digu Maiorak. Eta bide ere bai hainbeste Filologori. Ea hor ageri diren sekretotxoak azaleratzen laguntzen diguten, orain lau urte Ekaitz Santaziliak liburu bat iruzkindu eta zabaldu zuen bezala!

Dena dela, esan gabe ezin utzi, zein baztertuak ditugun euskararen alde hainbeste egiten ari diren idazle eta ikerlari! Non dago Euskal Herria? Maldan gora hala maldan behera? Ikusten eta entzuten duguna ikusiz? dudarik ez dago.