Asaldatu egiten gara Gobernuak aditzera ematen duelarik gure geolokalizazioa kontrolatu behar duela. Askatasunaren aldeko espantu gogorrak egiten ditugu eta bakarrik geure arropak urratzea ere falta zaigu. Egia da, gure mugimenduen berri zehatzaz Gobernua jakitun egotea kezkagarria da. Gure intimitatean sartzen ari delako sentsazio aztoragarria atzematen dugu, uneoro begiratuak izaten ari garelako segurantza deserosoa. Agerian da martxoaren 27ko SND/297/2020 Aginduak muga eta helburu zehatzak azaltzen dituela bere ezarpena burutzeko, eta herritar guzien osasun segurtasuna xedea duela. Hala ere, maiz samar gertatu izan den bezala, bakoitzaren askatasuna eta denon segurantza, bekoz-beko, elkarren aurrean jarri dira berriz. Eta egungo mundu teknologizatu honetan gero eta baliabide gehiago paratzen ari dira segurtasunaren mesedetan. Hortaz, kasu eman! Alabaina, prozesu horretan, gure teknologia gailuetan instalaturik dauden edo instalatzen ditugun app-ei gure datuak erabiltzea baimenduz, ezinbesteko kolaboratzaileak bihurtzen gara. Hari honetara, oroitzen naiz aspaldixko bideo batean ikusten zenaz: arrantzale batzuk hartutako arrainaz beteriko sarekada ontzigainean hustean, hartatik eta ustekabean, itsas lehoi larri bat agertu zen despistatua. Gaixo hura bezala, gu ere geure kontraesanetan sareztatuak gaude.